Gatibutasunetik libratzeko askabideak behar dira egunerokoan. Musika da horietako bat, eta terapia eraginkorra izan daiteke. Ztah lapurtarrek aurpegia emanez aurkeztu dute Aska Nazazu bigarren diskoa. Osasun krisiaren aurretik erabakitako izenburua eta kontzeptua bada ere, ezin aproposagoa da. Donibane Lohizuneko bandak boskote gisa eta bi gitarrekin plazaratzen duen aurrenekoa da. Gordina, zapaltzailea eta gihartsuagoa da emaitza.
Egurrarkore leloa da beraien filosofia. Thrash zein death metala eta hardcorea uztartzen dituzte, groove pasarte aldakorrekin. Hamar urte bete dira hasi zirenetik, eta aurreko lanarekin iragarritako Iñorabidea zuzendu eta gustuko duten noranzkoa hartu dute. Alegia, ibiltzeko biderik bada beraientzat, eta ibili badabiltza. Horren lekuko dira laneko bederatzi piezak. Oldarkorragoak eta pisutsuagoak dira, eta hein batean Gixer gitarra jotzaile berriari esker lortu dute, Jonekin batera aizkorak zorroztuta. Oier bateriak ere beste martxa bat sartu du.
Entsegu lokalean landu eta zainduriko erritmoekin abiatu nahi izan dute iraupen luzeko bigarren urratsa. Hau da, oinarri sendoenarekin, eta ahotsik gabe. Lehen kantu instrumentalaren ondotik datoz hitzak, oihuak eta garrasiak. Iñakik asmatzen du egituretan esanak kokatzen, eta esanahiak zabaltzen. Maltzurga da diskoaren lehen zatiko zartako esanguratsuena. Hurrengo biek groove metala daramate zainetan: Prest Izango Ote Zira eta Ama Lur Sustraien Bila. Laneko bertsioaren atarikoak dira. Izan ere, Mikel Laboaren Gure Bazterrak kantu ezagunaren moldaketa deigarria egin dute. Letrari erreparatzeak laguntzen du euren ausardiarekin bat egiten.
Azken txanpa arnasari eusteko modukoa da. Itotzetik askatzera daramate entzulea, eta azkenik denboraren zama sentitzera. Diskoaren izen bereko kantua da luzeena, eta gaur egun lortu duten proposamen indartsua ondoen islatzen duena: "Aska nazazu, beldur honetatik. Nire arima, zer bilakatuko ote da?". Hausnartuz lehertu itzazue belarriak, eta izan libre.
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Autoekoizpena.
Abesti zerrenda:
01. Instru
02. 37 A 26
03. Maltzurga
04. Prest Izango Ote Zira
05. Ama Lur Sustraien Bila
06. Gure Bazterrak
07. Zintzur Itotze
08. Aska Nazazu
09. Denboraren Zama