
Bizkaiko Alma Culter heavy metal taldeak Cara a cara bigarren diskoa argitaratu du Demons Records zigiluarekin. Hamar kanta ditu lanak, eta laukotearen arabera, musikalki proposamena zorroztu dute.
Zigiluaren arabera, "engranaje sortzaile oso zehatz eta bateratu baten" emaitza da: "Cara a cara lanaren arkitektura musikalak Arbiren sinadura paregabea darama, kantu guztiak konposatzeaz arduratzen dena, Nada que perder izan ezik, Mariluk osoki konposatutako lana. Era berean, abeslariak bere talentu liriko eta melodikoa erakusten du berriro, diskoa gidatzen duten letra eta ahots melodia guztien sortzailea izanik. Disko zintzo, zuzen eta kritika sozialez betea da, non elkarrekin bizi baitira kutsu klasikoko riff suntsitzaileak, Pako eta Daviden sendotasun erritmikoa, eta Mariluren ahots urratu hori, inor axolagabe uzten ez duena".

01. Tu precio
02. No es solución
03. Cara a cara
04. Libérame
05. Fuera de control
06. Infierno
07. Nada que perder
08. Ice
09. Fariseo
10. Akelarre
Alma Culter banda Mariluk sortu zuen 2016an, eta 1980ko hamarkadako lagun zaharrekin elkartu zen: Arbi gitarrista (Exodo, Anarko) eta Iñaki Susunaga (Talion, Zurt, ...). 2019an haien izen bereko lan laburra aurkeztu zuten, eta 2022an Caos estreinako diskoa. 2023an Susunagak taldea utzi zuen, eta David Rodriguez bueltatu zen. Aurrez gitarrista gisa aritu arren, baxu jotzailearen hutsunea bete zuen. Azkenik, Pako Martínez de Musitu (Halley) bateria jotzailea batu zitzaien.
Horrela, laukotea berrosatu osteko lana da Cara a Cara. Gaur egun, lau musikari hauek osatzen dute: Marilu (ahotsa), Arbi (gitarra), David Rodriguez (baxua) eta Pako Martinez de Musitu (bateria).