
Donostiako Ancient Settlers melodeath taldeak Throught the Ruins single berria estreinatu du Mylena Monaco abeslari berriarekin, formatu digitalean eta Scarlet Records diskoetxe italiarraren bidez.
Kanta beraien kabuz grabatu dute, eta Agustin Martinez taldeko gitarristak nahastu du bere Rockline Productions estudioan. Aldiz, Jens Bogren ezagunak masterizatu du Suediako Fascination Street Studios-etan.
Abesti berria aurkezteko, jarraian ikus dezakezuen bideoklipa estreinatu dute:
Bandak hau dio kantari buruz:
"Through the Ruins abestiak Ancient Settlers taldearen aldarte zintzo, gizatiar eta desafiatzaileena erakusten du. Underground eszenaren errealitatean errotuta dago — distantzia amaigabeak, gau izoztuak furgonetetan, mailegatutako ekipoa, areto hutsak, desagertzen diren promesak eta zalantzazko bideak —, eta abestiak urteetako borroka erresilientzia adierazpen indartsu bihurtzen du.
Musikari dagokionez, death metal melodiko modernoaren intentsitatea gitarra melodia ilunekin, oinarri erritmiko gupidagabearekin, ahots dinamikoekin eta ereserki kutsuko leloarekin konbinatzen ditu gaiak. Errepideko bizitza idealizatu beharrean, Through the Ruins piezak berekin dakartzan sakrifizioak azaltzen ditu, eta, aldi berean, kilometro zail bakoitzari zentzua eman zioten lagunak, agertokiak eta entzuleak ospatzen ditu.
Abestiak Ancient Settlersentzat etapa berri baten hasiera ere markatzen du. Bandak jasan duen guztiaren orbainak ditu, baina zerbait sendoago, zuzenago eta emozionalago batera bideratzen ditu. Ezbehar bakoitza eraikitzen jarraitzen duten egituran integratzen da; agertoki bakoitza aldi baterako etxe bihurtzen da; eta isiltasun gau bakoitzean soinu intentsitate handiagoko erantzuna jasotzen du.
Through the Ruins arrakasta zalantzazkoa zenean sortzen jarraitu zuten guztiei eskainia dago: underground eszena bizirik mantentzen duten musikari, sustatzaile, areto, lagun eta jarraitzaileei. Ez da, besterik gabe, kolapsoan bizirauteari buruzko abesti bat; geratzen den horretatik abiatuta berriro eraikitzeari buruzkoa da".
Single berriaren azala Jon Toussas ilustratzaileak egin du, aurretik beste lan batzuekin egin duten moduan. Konposizioaz, berriz, The Kraken Artworks arduratu da eta logo berria Dead Flag-ek egin du.

Monacori dagokionez, jatorri brasildarra-italiarra du eta Alemanian bizi da. Sinaya taldearen sortzaile eta abeslaria izan zen, eta horri esker da ezaguna. 2010etik Europan eta Hego Amerikan zehar nazioarteko hainbat biretan eta estudioko grabazioetan parte hartu du. Horrekin batera, Summer Breeze jaialdiaren Brasilgo lehen edizioan aritu zen, eta 2024an, Angra talde ezagunak Lisboan emandako kontzertuan gonbidatu berezi gisa aritu zen.
Ancient Settlers taldea Donostian sortu zuten 2020an, Carlos Chiesa-Estomba eta Herman Riera venezuelarrek. Death metal melodikoa jorratzen dute, bestelako eraginekin batera. Azken sei urteotan, musikari asko igaro dira bandatik, eta hau da egungo boskotea: Mylena Monaco (ahotsa), Carlos Chiesa-Estomba (gitarra), Agustin Jimenez (gitarra), Enric Juan (baxua) eta Herman Riera (bateria).