Ancient Settlers - Oblivion's Legacy

Antzina, aitzina. Donostiatik munduratzen ari den Ancient Settlers taldea legatu propioa idazten ari da argitalpen bakoitzeko. Oblivion's Legacy iraupen luzeko bigarren diskoa da orain arteko urrats esanguratsuena, epe laburrean eraikitakoa sendotzen duena. Gainera, Italiako Scarlet Records zigiluaren babesak Europako ate gehiago ireki dizkie, eta kontzertu ugari ematen ari dira; kanpoan gehiago gurean baino. Ez da kasualitatea.

Carlos Chiesa-Estomba gitarrista da lemazaina, Venezuelatik Euskal Herriratu zena, eta haren arbasoen lurrak zintzoki kolonizatu zituena. 2020an sortu zuen Ancient Settlers, Herman Riera herrikide, lagun eta bateria jotzailearekin. Gainerako kideen joan-etorriekin, beste hiru musikarik egonkortu dute banda: Genesis Farias Argen Death (ahotsa), Miguel Herrera (baxua) eta Agustin Martinez (gitarra). Hiruek dute lotura sortzaileen herrialdearekin.

Aurrekariek balio dute Oblivion's Legacy lanik berriena denboran eta beraien bilakaera etengabean kokatzeko. Transition (2023) elektrikoa eta Tales from the Earth (2024) akustikoa, biak EP gisa kaleratuak, aproposak dira lehen diskoa bigarrenarekin lotzeko. Errazkeria litzateke death metal melodikoa jorratzen duen talde soil bat dela esatea, oinarri hori onar daitekeen arren. Sustrai klasiko eta modernoak aintzat hartzen dituzte, eta oso bestelako ñabardurei lekua egiten diete.

Horregatik, maiatzean argitaratu zuten iraupen luzeko bigarren diskoa da orain arteko entzutetsuena. Batez ere, sormenari eta kalitateari dagokionez. Genesisen ahots urratu eta melodikoa ikur bihurtu dute, eta musikalki esparru zabalago batera bideratu dira. Metal modernoaren eta sintetizadoreen presentzia —synthwave doinuak jorratzeraino—, naturaltasunez aldarrikatu dituzte. Beraz, gordinkeriak badu bere ifrentzu gozagarria. Hamar abestiek merezi dute aipamena, baina aukeratzekotan, hauek lirateke adierazitako ezaugarrien erakusgarri: Oblivion’s Legacy, Wounded Heart, Subversive, Coven Garden eta The Mechanical Threaths Paradox.

Atzera begiratu gabe doaz aurrera, gure mugetatik urruntzearekin batera. Beraientzat hori da hazteko aukera bakarra.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Scarlet Records.

Abesti zerrenda:

01. The Circle Of Misanthropy
02. Oblivion's Legacy
03. Stardust Odyssey
04. Wounded Heart
05. Subversive
06. Coven Garden
07. The Mechanical Threats Paradox
08. The Last Battle In The Earth
09. Cosmic Farewell
10. Redemption

Hurrengo kontzertuak