2026/08/13

Ancient Settlers taldea aro berri bat hastear da

Donostiako Ancient Settlers melodeath bandak abuztuaren 31n aurkeztuko du single berria: Through the ruins. Hain zuzen ere, boskote gisa egingo duten hurrengo urratsaren hasiera izango da. Egun horretan jakinaraziko dute zein den abeslari berria.

Aurrerapen gisa, abestiaren xehetasunak eman dituzte. Beraien kabuz grabatu dute, eta Agustin Martinez (Rockline Productions) taldekidea arduratu da nahasketaz. Aldiz, Jens Bogren ezagunak masterizatu du Fascination Street Studios-etan.

Jon Toussas ilustratzaileak egin du azala, The Kraken Artworks arduratu da konposizioaz eta Dead Flag da taldearen logo berriaren egilea.

Ancient Settlers banda Donostian sortu zuten 2020an Carlos Chiesa-Estombak eta Herman Rierak. Ordutik, musikari asko pasatu dira taldetik. Esaterako, lau abeslari desberdin izan dituzte (Antony Hämäläinen, Argen Death, Noelia Fernandez eta Sonia Jimenez). Gogoratu behar da azken bi kantarien agurra iragan maiatzean iragarri zutela, eta, beraz, bosgarrena da hilabete bukaeran aurkeztuko dutena.

Bestalde, iraupen luzeko hirugarren diskoaren aurrerapen moduan hartu behar da single berria. Izan ere, bost lan labur eta bi disko argitaratu dituzte orain arte.

Gaur egun, lau musikari hauek osatzen dute banda: Carlos Chiesa-Estomba (gitarra), Agustin Jimenez (gitarra), Enric Juan (baxua) eta Herman Riera (bateria).

Podcasta

Hurrengo kontzertuak