Anestesia - Zirkulutik espiralera

Zarauzko Anestesia talde beteranoak ia hamarkada bateko menia isila hautsi du Zirkulutik espiralera diskoarekin. Hamahiru kolpe ditu esperotako itzulerak. Gordinagoa da, lehorra eta eraginkorra. Laukoak muturrera egin du, baina ahots urratua ohikoa da: ezkorra, kritikoa eta autokritikoa. Munduaren dekadentzia ere presente dute. Urola Kostakoek hardcorearen mugetan jarraitzen dute. Grind, doom eta death metal zertzeladekin.

Oldarkor hasten da diskoa, espiralean biraka. Riff ilunekin laster batean doa Korapiloak, aurretik pasarte motelagoak ditu Noraino versus nondik abestiak. Zuzenekoetarako ereserki berri izendatu beharko dugu Maite zaitut, hil nazazu. Bi abiaduren nahasketa eta mezua. Fermin Muguruzarenak dira Droneak, gerra makurra kantuaren hitzak. Ordea, riffak inoizko hiltzaileenak dira. Muturreko metalera asko hurbiltzen dira, zorionez. Epaia eta Zaborra gara abestiak batuta ez da minutua egiten. Zarauzko Putzuzulo gaztetxeak merezi duen kantua da Amets fabrika. Zaratatsua, behar den bezala. Aldiz, esperimentalagoak eta oso interesgarriak dira Abdikazio eta Espirala.

Hogeita bosgarren urteurrena ospatzeko asmoz, kontzertu bira berezi bat abiatu zuten 2013ko udan. Kontzertu seinalatuak eta gogoangarriak eskaini zituzten. Hogeita sei urte beteta, seigarren diskoa aurkezten hasiak dira. Etxean abiatu zuten kontzertu birak espiral itxura hartuko du. Bilbo, Miarritze, Gasteiz, Tolosa, Azkoitia eta Viveiron (Galizia) dituzte hurrengo emanaldiak.

Inaxio Esnaola Aranzadi

Hurrengo kontzertuak