2026/10/25

Anker taldeak 'Hausnartu' lan berria iragarri du

Legazpiko Anker metal bandak Hausnartu hirugarren diskoa kaleratuko du azaroaren bukaeran. Laukotea sare sozialetan bideo laburrak argitaratzen aritu dira azken asteotan, eta, azkenik, misterioa argitu dute.

Lan berria kontzeptuala izango da, aurrekoaren antzera, eta hamar abesti izango ditu. "Edozein pertsonak bizitzan zehar izan dezakeen une zail batean igarotzen dituen fase desberdinak jorratzen ditu kanta bakoitzak. Lehen piezatik azkenera arte emozioz eta sentipen desberdinez osatutako bidaia luze batean murgiltzen zaitu. Pertsona batek izan ditzazkeen momentu txar hauek gainditzearen prozesuan datza diskoak", azaldu dute.

Aimar Ibarzabal (Ilun Produkzioak) taldekideak ekoiztu, grabatu eta nahastu du. Aldiz, Estanis Elorza arduratu da masterizazioaz Donostiako Doctor Master estudioan. Azalaren diseinua, berriz, Ibarzabal berak egin du, eta Nagore Imaz da azalean piano jotzen ageri den pertsona.

Jarraian ikus dezakezue abesti zerrendarekin batera:

01. Amildu
02. Aditu
03. Ulertu
04. Berpiztu
05. Gainditu
06. Oroitu
07. Indartu
08. Sinistu
09. Zaindu
10. Omendu

"Sormen eta grabazio prozesua orain arteko luzeena izan da, baita landuena ere. Aurreko bi diskoak baino luzeagoa eta konplexuagoa izan da prozesua", adierazi dute gipuzkoarrek. Bestalde, disko berriak "bi sorpresa handi" dituela aurreratu dute.

Gogoratu behar da iazko azaroan laukotea berritu zuela Anker taldeak. Gaur egun, musikari hauek osatzen dute: Joanes Legarda-Ereño (ahotsa eta gitarra), Aimar Ibarzabal (gitarra), Eneko Altzelai (baxua) eta Jon Unzurrunzaga (bateria).

Podcasta

Hurrengo kontzertuak