Distira egiten du oraindik. Harrigarria da Arima Sutan hiruko biziberritu nafarraren itzulera. Bazuten zeresana, eta ederki jaso dute Oro ez da urre diskoan. Iazko irailean kaleratu zuten arren, ezin izan urrun geratu denik. Presente dago oraindik, eta presentzia merezi du.
Barañaingo bandak hamabost urte luzeko menia hautsi zuen beraien ibilbideko lanik onena plazaratzeko. Are gehiago, 2024ko argitalpen borobilenetakoa era bada. Musikagintzan jarraitu duten hiru kideek taldearen proposamena zintzoki eguneratu dute. Metal progresiboa lantzen hasi ziren, baina gutxira bideratu zuten sormena rock eta metal alternatibora. Egiari zor, pop doinuetara lerratu ziren suak apalduta. The Icer Company, Virenque eta Izaki Gardenak bandetan aritu dira azken urteotan.
Iker Zia (ahotsa eta baxua), Eneko Zabalza (ahotsa eta gitarra) eta Arkaitz Ezkai (bateria) dira bueltatu direnak —Alex Ros gitarristaren laguntzarekin—, eta bakoitzak izandako bilakaera onaren isla da Oro ez da urre kantu bilduma. Zehazki, sei abesti propio eta Itoiz taldearen Ezekiel piezaren moldaketa paregabe bat da eskaini dutena.
Bizitza zirriborroan marraztearekin abiatzen den diskoak pizgarri eta une gogoangarriak ditut segidan. Gaztazarra da esanguratsuena, Roquefort saltsa mintzen duelako. Letra ondo ulertuko dute nafarrek, batez ere. Ibar kezkagarria eta Mamuak II dira metalaren parametroetatik gertuen daudenak —Kvelertak eta Gojira gustuko dituzte—, eta, kasualitatez, landuenak ere badira. Oro ez da urre eta Ez abestietan melodiak gehiago gailentzen dira.
Arimak sutan badirau, iraun dela aurrerantzean ere. Zia eta konpainiak sua elikatzen jarraitu beharko luke.
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Autoekoizpena.
Abesti zerrenda:
01. Bizitza zirriborroan
02. Gaztazarra
03. Oro ez da urre
04. Ibar kezkagarria
05. Ez
06. Ezekieli erantzuna
07. Mamuak II