Tolosaldeko Basati heavy metal bandak irailaren 26an sareratuko du Gaitz ilunen ordua bigarren diskoa. Hau da, plataforma digitaletan entzun ahal izango da. Aldiz, fisikoan salgai jarriko dute urriaren 3an eskainiko duten kontzertuan, Villabonako Aljibean.
Kanta propioekin batera, ezustean, bertsio bat ere izango duela aurreratu dute. Hain zuzen ere, Iruñeko Hemendik At! dance taldearen Orain abesti ezagunaren heavy/power metal moldaketa egin dute.
Lan berria Asuako Chromaticity Studios-etan grabatu dute, eta Bernardo Riveira artista arduratu da azalaren diseinuaz.
Aurretik, Zure zigorra abestia estreinatu zuten lehen single gisa, eta bideoklip batekin.
Basati lau musikari hauek osatzen dute: Marcos Castrillon (ahotsa), Asier Azkolain (gitarra), Unai Garcia de Ocampo (baxua) eta Julen San Martin (bateria).