Breaker fanzinearen 40. urteurrena maiatzaren 8tik 10era bitartean ospatuko dute, Pasai Antxon (Gipuzkoa). Heavy metalari buruzko fanzine aitzindarietako bat izan zen Ion Koldo Oleak —argazkian Herriko Burdinaren kamiseta duena da— eta beste hainbat lagunek sortu zutena. Guztira, hamar zenbaki atera zenituzten 1985. eta 1987. urteen artean.
Garai hura berreskuratzeko eta fanzinea omentzeko hainbat jarduera antolatu dituzte. Maiatzaren 8an izango da lehendabizikoa, 40 urte agertokien gainean izeneko solasaldia. Mikel Kazalis (Estigia, Anestesia), Felix Lasa (Leize) eta Gonzalo Ibañez (La Perrera, Nuevo Catecismo Católico) musikariek parte hartuko dute. Antxoko kultur etxean izango da 19:00etan. Solasaldia Herriko Burdina webguneko arduradun Inaxio Esnaolak gidatuko du.
Maiatzaren 10ean, berriz, Breaker Fest jaialdia egingo dute Antxoko Biteri plazan. Anestesia, Leize eta Kalean taldeak ariko dira zuzenean, 20:00etatik aurrera. Bestalde, maiatzaren 8tik 10era bitartean Breaker fanzinearen historia eta oroitzapenak jasotzen dituen erakusketa ikusi ahal izango da Antxoko kultur etxean. Ostegun eta ostiralean, 18:00etatik 21:00etara, eta, larunbatean, 17:00etatik 19:00etara.