2025/02/04

Buitraker banda taula gainera itzuliko da Hatortxu Rock jaialdi berezian

Iruñeko Buitraker taldeak Lakuntzako Hatortxu Rock jaialdi berezian parte hartuko du. 2006an banandu ziren, eta ia bi hamarkada beranduago bueltatuko dira. Euskarazko metal industrialaren eta tribalaren aitzindarietakoak dira.

Uztailaren 24tik 27ra izango da Hatortxu Rock jaialdiaren behin betiko agurra. Horretarako, lau eguneko egitarau esanguratsua prestatzen ari dira antolatzaileak. Buitraker nafarren itzulerarekin batera, Autobus Magikoa eta Never Surrender taldeena ere iragarri dute. Gaineratu dutenez, ez dira azken jaialdirako propio bueltatuko diren banda bakarrak. 

1992an sortu zen Buitraker taldea. Metala, rocka eta hardcorea nahastu zituzten hasieran. Horren eredu, 1995eko Rigor mortis maketa. 

Aldiz, 1998ko Lurrun makina estreinako diskorako izaera industriala eta doinu elektronikoak barneratu zituzten.

Elektronikara lerratu ziren 2000. urteko Homologao bigarren diskoan, bestelako eraginak barneratzearekin batera. Aldiz, 2005ean kaleratu zuten Urrezko kabiak hirugarren eta azken lana, lausoena eta melodikoena. Urtebete beranduago, 2006an, azken kontzertua eman eta utzi zuten.

Hatortxu Rock jaialdiak baieztatu dituen beste taldeei dagokionez, metal doinurik ez dago: Bulego, Nøgen, Tatxers, Skabidean, Streetwise, Banda Bassotti, Gozategi, Eñaut Elorrieta, Los Zopilotes Txirriaos eta Betagarri.

Hurrengo kontzertuak