Maiatzaren 23an izango da Burdina Astintzen jaialdia, Donostiako Larratxo Kultur Etxean. Bosgarren edizioan hiru talde hauek ariko dira zuzenean: Anestesia, Kudai eta Hortzak. Sarrerak martxoaren 5ean jarriko dira salgai, Donostia Kulturaren webgunean.
Herriko Burdina da antolatzailea, Euskal Herriko heavy metalaren webgunea. Hain zuzen ere, gure lurraldeko metal eta hard rock doinuak sustatzeko sortu zen. Orain arte, lau dira antolatu dituzten jaialdian; 2004an, 2005ean, 2010ean eta 2025ean.
Jaialdiak izaera propioari eta euskaldunari eutsiko dio. Alegia, euskaraz abesturiko metal doinuak izango dira protagonistak. Oraingoan, doinu makurragoak eta alternatiboak.

Anestesia (Zarautz, thrashcore) talde beteranoak emanaldi gutxi emango ditu 2026an, eta horietako bat izango da Donostiakoa. Beraien ibilbide luzeko errepertorioa eskainiko dute, eta keinu bereziren bat egingo diote 30 urte bete dituen Erantzun diskoari. Mugarri bat izan zen gipuzkoarrentzat, eta seguru lan horretako abesti batzuk ere eskainiko dituztela.

Kudai (Gipuzkoa, metal industriala) bandak 2020an erabaki zuen uztea, baina iaz itzuli ziren kontzertu berezi bat emateko, eta Agur T’erdi lan laburra plazaratu zuten. Aurten ere, emanaldi bat eskaintzeko asmoa dute, eta hori Larratxon izango da. Donostiako eta inguruetako kidez osaturikoa izanik, etxean jotzeko gogotsu daude.

Hortzak (Bizkaia-Araba, sludge metal) taldea taula gainera igoko da, azkenean. Paul Urkijo Alijo zinemagile eta abeslaria du buru, eta haien estreinaldietako bat Donostian izango da. Ez dut pozik egon nahi bigarren diskoa kaleratu berritan, abesti sorta gordina eta iradokitzailea aurkezteko prest daudela iragarri dute.
Jarraian ikus dezakezue Xanti Rodriguezek diseinaturiko kartela:
