Elbereth - Omen

Beste estiloetan gertatzen den moduan, oso ohikoa da metal taldeek urteen poderioz bere soinua aldatzen edo hedatzen joatea. Tamalez, kasu gehienetan eboluzio horrek estiloa leuntzea dakar, batzuetan kalitatea mantenduz edo agian areagotuz, baino askotan musika sinpleagoa eta erakargarriagoa eginez. Horrek ez du berez gauza txarra izan behar, baino pozgarria da ikustea kontrako norabidea hartzen duten taldeak ere daudela. Ez dugu oso urruti joan behar guregan baitugu adibide oso apropos bat, Elbereth legazpiarrena, alegia.

1999an taldea sortu zenean, heavy metala zuten oinarri, baina urteak aurrera joan ahala, ohikoa den taldekideen joan eta etorriekin barne, boskote legazpiarra bere soinua gogortzen eta modernizatzen joan da. Zazpi urte behar izan dituzte Omen lan berria osatzeko, ibilbideko bosgarrena. Horrela ere, ziurtatu dezaket itxaronaldiak merezi izan duela.

Disko berriak sasoi bete-betean dagoen talde bat dakarkigu. Ekoizpen aldetik, soinu indartsu, argi eta orekatua eskaintzen du, non gitarrak distira berezia duten. Halere, ahotsak eta bateriak bere lekua dute, dituzten gaitasunak erakusteko. Gau ilun batean abestiak modu zoragarrian abiatzen du diskoa. Gitarren lana benetan bikaina da, riff astunek burua astintzeko gogoa eragiten dute, eta melodiek estribilloa indartzen dute. Duen beste ezaugarri aipagarri bat dinamismoa da, erritmo aldaketa ugari ditu eta denak oso modu aproposean kokatuak, aurretik konposaketa lanean egindako lan gogorraren erakusle gisa.

Taldearen soinuaren modernizazioan eragin argi batzuk ere sumatzen dira, adibidez Sorginak abestian, non Gojira lapurtarren aztarna agerikoa den. Hain argia izan ez arren, In Flames suediarren inspirazioa ere han eta hemen topa daiteke. Esaterako, Jarraitzaile bila abesti bikainean. Diskoak etengabeko gorabeherak ditu intentsitate mailan, abesti azkarragoak eta astunagoak tartekatuz, baina beti indar handiarekin entzuleak sumatuko duen Bidelagun boteretsuan, edo thrash metal erritmoez josita dagoen Apostasia abestian. Hala ere, bereziki goraipatu nahi nuke abesti gehienetan, Elbereth taldeak gustu bikaineko zati itsaskorrak sortu dituela, non Mansoren ahots urratuak eta gitarren melodia bikainek benetako emaitza ederra lortzen duten. Adibide asko daude diskoan zehar, baina Begi izkutua eta Argia itzali da dira buruan ditudan bi eredu esanguratsuak. Aipaturiko bigarrena kontzertuetan nabarmentzen da, bere lelo bikainari esker eta oso eraginkorra den gitarra soloarekin.

Hasieran aipatu gisara, denbora luzez itxoin behar izan dugu Elbereth taldeak disko berria kaleratzeko. Zorionez, emaitza bikaina da. Soinua indartsua eta modernoa da. Era berean, melodiak modu ederrean jorratzen dituen lana sortu dute, motibazioarekin eta lana gogor eginez, erakutsiz taldea oraindik ez dela bere helmugara iritsi.

Alain Gonzalez Artola


Diskoetxea: Basque Metal Country.

Abesti zerrenda:

01. Omen
02. Gau ilun batean
03. Sorginak
04. Bidelagun
05. Apostasia
06. Jarraitzaile bila
07. Begi izkutua
08. Izarrak
09. Argia itzali da

Hurrengo kontzertuak