Oarsoaldeko Hostoak taldeak 2025eko otsailean argitaratuko du Ostera bigarren diskoa; aro berriko lehena.
Ordura arte, abesti berrien zuzeneko bideoak sareratuko dituzte, eta, bigarrena, Herriko Burdinaren bidez estreinatzea erabaki dute.
Jarraian ikus dezakezue Desazkundea kantaren bideoa, Iñaki Altolagirre Matxet (Jousilouli, Naiz Roxa) abeslariaren kolaborazioarekin:
Abestien zuzenekoak Lezoko Txerrimuño baserrian grabatu zituzten Zigor eta Lander Garro anaien gidaritzapean. Airean izan zen aurreratu zuten lehena, jarraian topatuko duzuena:
Guztira, zazpi abestiren zuzeneko bideoak plazaratuko dituzte. Aipaturiko biez gain, beste hauek ere: Geldo, Azken oztopoa, Maskara, Zu gabe eta Txalopintxalo.
Lezoko Olmo Cascallar (Gamora, Criminal ohia) musikariaren proiektu propioa da Hostoak. Orain arte, Estepako Otsoa iraupen luzeko lana eta Live in Iturriotz zuzenekoa plazaratu dituzte.
Iazko urtarrilean, banda berrosatu eta beste norabide bat hartzea erabaki zuen Cascallarrek. Horretarako, hiru musikari batu zitzaizkion: Julen Lusar bateria jotzailea (Gamora ohia hau ere), Nikolas Yurramendi baxua eta Ekaitz B. Azpeitia abeslaria –aurreko aroko kidea ere bazena–.
Musikalki, rock progresiboa eta alternatiboa jorratzen zuten lehen, eta orain bestelakoa da jorraturiko ildoa. Zortzi sokako gitarren afinazio baxuarekin, post metal, post hardcore, djent eta prog metal doinuen alde egin dute abesti berrietan.