
Gernika-Lumoko Etorkizun Beltza heavy metal taldeak kide bat agurtu eta beste bati ongietorria eman dio. Elier Perez bateria jotzaile gazteak hartu du Oskar Fernandezek utzitako lekua.
Osasun arrazoiengatik, Fernandezek denbora zeraman kontzerturik eman gabe, eta haren ordez Perez aritu da. Aurrera begira, Fernandezek banda uztea erabaki du, eta bizkaitarrek 15 urteko gaztearekin berrosatu dute boskotea.

Herriko Burdinak duela gutxi taldeari egindako elkarrizketan azaldu zuten gertaturikoa: "Bai, Oskarrekin landu dugu disko berri osoa, baina justu diska zuzenean aurkezten hasi ginenean, osasun arazo bat izan zuen belarrietako batean. Momentuz ezin du entseguen eta kontzertuen erritmoa jarraitu. Beraz, haren arazoa konpotzen doan heinean, Elier Perez gaztetxoak bat egin dugu gurekin hurrengo kontzertuekin laguntzeko".
Bizkaitarrek Garrasi hutsak hirugarren diskoa iazko azaroan argitaratu zuten, eta martxotik entzungai dago plataforma digitaletan. Hain zuzen ere, lan berriaren aurkezpen kontzertuekin jarraitzeko egonkortu dute boskotea.
Horiek horrela, Etorkizun Beltza banda egun musikari hauek osatzen dute: Imanol Orozko (ahotsa), Julen Unamuno (gitarra), Mikel Unamuno (gitarra), Jon Lamborena (baxua) eta Elier Perez (bateria).