Euskaraldiak ez zuen halakorik aurreikusi. Ezta ere sionistek babesturiko Eurovision jaialdiak, eta egun berean zeuden beste eskaintza interesgarri batzuek ere. Hamabost urte luzeren ondoren, Burdina Astintzen jaialdiaren itzulera arrakastatsua izan da. Altzako Larratxo Kultur Etxeko sarrera guztiak saldu ziren, gure aurreikuspenak gaindituz. Euskal heavyaren erakustaldia egin zuten Asgarth, Elbereth eta Izan Bai talde bikainek.
Larratxo da Donostiako heavy metalaren gaur egungo plaza. Urtetan oso bestelako jaialdiak antolatu izan dira han, eta, beraz, erronka polita zuen Burdina Astintzenek. Hau da, Euskal Herriko heavy metal taldeekin soilik betetzea aretoa. Are gehiago, euskara hutsean abesten duten hiru bandekin sarrerak agortzea. Lortu genuean, eta, bai, oso pozik gaude. Dena dela, gure helburua zen etorri nahi zuen orok sarrera izatea, eta badirudi bermatu genuela.
Horrez gain, agerian geratu zen Burdina Astintzen jaialdiak giro euskalduna sortu zuela Larratxon. Euskarazko rock eta heavy metala gustuko duten asko etorri ziren. Donostia eta ingurutik baino, Gipuzkoa barnealdetik. Aldiz, leku berean egiten diren beste jaialdietara joan ohi direnak ez ziren agertu. Horregatik, ezinbestekoa da Larratxoko heavy metal plazan askotariko proposamenak programatzea, guztiek lekua izan dezaten.
Batzuk ez daude horrekin konforme, eta pena da. Antolatzen diren beste jaialdiak mantentzearen alde gaude, nahiz eta bidezkoena izan promotore bakoitzak jaialdia bakar bat izatea. Gainera, jaialdiak sustatzen hasiberriak garela diote. 2004an egin genuen Burdina Astintzen jaialdia lehenengoz, baita beste bi aldiz ere, 2005ean eta 2010ean. Ordea, lehen aukera hartatik egun arte 30 bat kontzerturen antolaketan parte hartu dugu.
Eskerrak, berriz, lehen pertsonan ematea gustatuko litzaidake. Hauei esker eraman ahal izan dugu aurrera Burdina Astintzen jaialdiaren itzulera: Aritz Legorburu (Elbereth eta Gaueko Arimak), Mikel Balerdi eta Sergio Melero (Donostia Kultura), Jesus eta Agus (taula gaineko arduradunak), Mikel Rubio eta Carlos Chiesa (laguntzaileak), Yoseba Oliva (Burdin tabernaren arduraduna), Xabi Martinez eta Gorka Carro (Herriko Burdinaren kamiseta saltzaile jatorrak), eta, noski, euskal heavya goratu zuten hiru taldeak eta beraien taldekideak: Asgarth, Elbereth eta Izan Bai.
2026an bosgarrenez antolatuko dugu Burdina Astintzen jaialdia? Saiatuko gara.
Testua: Inaxio Esnaola Aranzadi.
Argazkia: Carlos Chiesa Estomba.