2026/07/08

Euskal heavyaren erresistentzia

Aitzindariek eta bi itzulerek suspertu dute euskarazko heavy metala. Su Ta Gar, Latzen eta Asgarth dira izen propioak. Eibarko beteranoak Jaiotze basatia lehen diskoaren 35. urteurreneko kontzertuak ematen eta areto zein plazak betetzen ari dira. Gainera, 2027an urteurren are bereziago bat ospatzeko asmoa dute. Oñatikoek laukotea berrosatu, taula gainera berriz ere igo eta Denboraren orbainak itzulera diskoa argitaratu dute. Egia esan, harrera oso ona egin diete abiatu duten hirugarren aroan. Añorgakoak pandemia aurretik bueltatu ziren, 2020an, boskotea biziberrituta. Dena dela, bi urte geroago kaleratu zuten Zeldatik bosgarren diskoa, ibilbideko landuena. Ez da azkena izango.

Hiruek euskal heavyari ikusgarritasuna eman diote. Batez ere, komunikabide orokorretan, sarean eta kontzertu gune esanguratsuetan. Ordea, aipaturiko hiruak baino gehiago dira egun euskarazko heavy metala jorratzen duten taldeak. Beste bederatzi nabarmenduko ditugu.

Usurbilgo Izan Bai bandak Mendeku Itxua izan zenaren hutsunea bete du. Ixak Arruti abeslari eta gitarristak heavy metal zein hard rock doinuetara bueltatzea erabaki zuen 2024an, eta, berriz ere, Martin Larrañaga bateria jotzailearekin elkartu zen. Urtzi Olaziregi (Hira, Kudai) baxu jotzaileak eta Ibon Aginaga (Soa, Kraussk) gitarristak osatu zuten laukotea. Iazko urtarrilean, Dena galdu baino lehen estreinako diskoa argitaratu zuten, eta ordutik taula gainean dabiltza aurkezten. Abesti berriak ere grabatu dituzte, eta aurrerago zehaztuko dute horiek nola plazaratuko dituzten.

Elorrioko Sugoi taldea itzaletik atera da Reset bigarren diskoa kaleratzeko. Hamasei urte pasatu dira aurreko lana aurkeztu zutenetik, eta denbora asko izan arren, sasoiko agertu dira proposamena eguneratuta. Joseba Flores abeslariak, Mikel Quesada gitarristak eta Mikel Uribe baxu jotzaileak laugarren kide bati esker egin ahal izan dute aurrera: Jandro Camuñas (Vhäldemar, Orion Child ohia) bateria jotzailea. Elkarrekin borobildu zuten lan berria, eta modu berean dabiltza zuzenekoak ematen. Haiek dioten moduan, egurre eta sue!

Tolosaldeko Basati laukoteak iazko urrian plazaratu zuen Gaitz ilunen ordua bigarren diskoa. Estiloa definitzeko baliagarria izan da haientzat, sormena findu eta soinu profesionalaren alde egin ondoren. Ez dira euskal heavya jorratzen duten eskualdeko bakarrak, baina beste pauso bat eman dute haien ibilbidean.

Bizkaiko Etorkizun Beltza da euskarazko heavy metalak gurean izandako azken loralditik biziraun duen bakarra. Izan ere, 2008an elkartu ziren, eta dagoeneko beteranotzat har daitezke. Iazko azaroan kaleratu zuten Garrasi hutsak hirugarren diskoa formatu fisikoan, nahiz eta aurten jarri duten entzungai plataforma digitaletan. Aldaketak aldaketa, han eta hemen kontzertuak ematen jarraitzen dute.

Loraldiak aipatuta, euskal heavyaren aitzindarietako beste bi ere bizirik daude. Elgoibarko Ehun Kilo banda soilik zuzenekoak eskaintzen ari da, haien maketako eta bi diskoetako abestiak eskaintzeko. Halere, kanta berriak grabatzeko asmoa dute, Herriko Burdinari eskainitako elkarrizketan adierazi moduan. Aldiz, Lezamako Kartzarot taldeak From the silence hirugarren diskoa plazaratu zuen otsailean. Ingelesezko izenburuaz gain, laneko zortzi abestietatik soilik hiru dira euskarazkoak. Aurreko lanekin alderatuta, gure hizkuntzaren presentzia gutxitu dute.

Bizkaiko Auritz taldearen kasua, berriz, Izan Bai gipuzkoarren antzekoa da. Mikel Bizar musikariak sortu zuen 2018an, Idi Bihotz zenaren esentzia berreskuratzeko. Laino eder hori egitasmo eta disko-liburuarekin aurkeztu zuen, heavy/power metal aldartea erakusteko. Izenburu bereko lehen diskoa 2018an bertan kaleratu ostean, kontzertu gutxi batzuk eman dituzte. Izan ere, Bizarrek proiektu beraren pop-rock ildoa lehenetsi du, bere izen-abizenekin. Auritz, ordea, bueltatuko dela iragarri du, eta ondo bidean, 2027an bigarren diskoa argitaratuko dute.

Eibarko Judash banda eta bere historia ere esanguratsua da. 2017an sortu zuten Judas Argarate izenpean, Iker Amutxastegi lagunaren heriotzaren ondoren. Hura omentzeko hainbat lagun elkartu ziren, eta denbora bat pasatuta, laukotea egonkortu zuten Mikel Iraolak, Joseba Goñik, Hodei Otegik eta Ekaitz Vegasek. 2024an izena aldatu eta estreinako diskoa kaleratu zuten. Ordutik, tarteka kontzertuak eskaintzen dituzte.

Tolosaldeko Burni Jotzailek taldeak maketa bakarra duen arren, musikagintzan eskarmentua duten hainbat lagunek osatzen dute. 2023an elkartu ziren beste hainbat proiektutan ibilitako bost musikari, eta aldaketak aldaketa, ez diote utzi zuzenekoak emateari.

Hamargarren batek ere merezi du aipamena, martxoaren bukaeran azken kontzertua eskainita desegin zirelako. Legazpiko Elbereth bandak 25 urte luzeko ibilbidea etetea erabaki zuen, heavy metal klasikotik abiatu eta muturreko metalera iritsi ondoren. Dena dela, Gaueko ilargia lehen diskoan euskarazko heavy metala jorratu zuten. Ordutik aurrera, thrash, groove eta death metal doinuak lantzea hobetsi zuten, izaera propioa lortuz.

Beste talde batzuk ere badira euskal heavyaren esentzia gordetzen dutenak. Lasarte-Oriako Hilotz bandak heavy/thrash metal euskalduna izan zuen abiapuntu, eta Legen Beltza thrash metal taldeko hiru musikarik osaturiko Txatar bandak euskarazko heavy/thrash doinuak ditu oinarri. Lozorrotik itzuli den Goierriko Izurri Berria taldeak ere euskal heavyaren osagaiak jaso zituen argitaratutako bi diskoetan, beste eragin batzuekin batera. Azkenik, Urtz beteranoek kontzertuak ematen eta lan berriak kaleratzen jarraitzen dute, baina iraganetik nahiko urrun.

Beraz, bai, garai bateko ospearekin eta bozgorailuekin ez bada ere, euskal heavya bizirik dago. Eta ez, hiru baino gehiago dira erresistentziaren parte.


Testua: Inaxio Esnaola Aranzadi.

Hurrengo kontzertuak