Euskal Herriak metal jaialdi esanguratsu bat izango du 2025ean: Euskal Metalheads. Urteetan metalzaleen komunitate izan den musika elkarteak 20 urte beteko ditu datorren urteko udan, eta jaialdi propioa antolatzea erabaki dute. 2025eko urriaren 18an izango da, Bilbo Arenan. Euskal Herriko heavy metal jaialdien erreferente bihurtzea dute helburu. Talde ezagunek parte hartuko dute.
Sei metalzalek 2005ean sortu zuten Euskal Metalheads komunitatea, azken bi hamarkadetan nabarmen hazi dena. Kontzertuetarako joateko autobusak eta ekitaldi txikiak antolatzeko elkartu ziren. Kamiseta esanguratsuak ere egin zituzten, eta jaialdi zein kontzertuetan ikusiko zenituzten. Komunitatea musika elkarte bihurtu zuten 2023. urte bukaeran, eta aipaturiko pauso esanguratsua emango dute.
"Jaialdi errentagarri eta autogestionatu bat izatea nahi dugu, gizartean sustatu ahal izateko heavy metal musika, euskal kultura eta euskara antzera. Hori guztia kalitatezko ekitaldi baten bidez, non bandak eta pertsonak protagonistak izango diren, agentzien eta sustatzaile pribatuen interes merkantilistatik aldenduta. Landuko ditugun beste balio batzuk dira tolerantzia, berdintasuna, zintzotasuna, elkartasuna, altruismoa eta errespetua", adierazi du elkarteak.
Taldeak datozen asteetan hasiko dira iragartzen, baina jaialdia 17:00ak aldean hasiko dela aurreratu dute.