Euskarazko heavy metalaren aitzindarietakoa da Elgoibarko Ehun Kilo taldea. Maketa bikain bat eta bi disko kaleratuta, 1997an uztea erabaki zuten. Ordea, hogei urte geroago itzuli ziren 2017ko Hatortxu Rock jaialdian parte hartzeko. Ordutik, beste hainbat kontzertu eman dituzte, eta, aurten, hiru eskainiko dituzte. Maiatzean haien herriko EME egunean aritu ziren, irailaren 20an Abadiñoko Koba Live jaialdian izango dira, eta urriaren 3an Villabonako Hellbona jaialdiaren aurkezpenean parte hartuko dute. Boskotea berritu dute zuzenekoetarako: Jon Zabala (ahotsa), Jon Iturrino (gitarra), Kristian Etxabe (baxua) Patxi Zabaleta (gitarra) eta Iñigo Barrenetxea (bateria). Zabalak erantzun ditu gure galderak, eta aurreratu duenez, doinu berriak lantzen ari dira.
Ehun Kilo berrosatu behar izan duzue aurten. Zuzeneko emanaldiekin jarraitzeko?
Bai, noski. Ehun Kilo geldirik geunden eta Koba Live jaialdikoen gonbidapenaren aurrean, taldekideei esan nien neuk gustura joko nukeela. Jaialdi oso polita da. Batzuek, ordea, ez zuten nahi, eta, horregatik, Patxi eta Iñigo sartu dira taldean Jabiren eta Kamiloren ordez.
Zergatik utzi dute banda Kamilo Fernandez eta Jabi Bergara kide originalek?
Kontuan hartuta ez garela gaztetxo batzuk, entseguen konpromisoagatik eta fisikoki talde batek eskatzen duten esfortzuagatik gertatu da. Eibarren Su Ta Garrekin jo genuenean, Kamilok esan zigun berak ezin zuela jotzen jarraitu, baina besteoi aurrera egiteko esan zigun.
Erraza izan da haien agurra barneratzea?
Betidanik ezagutzen garen bost lagunak bere bideak banatzea tristea da, baina, tira, ez gaude hemen inor behartzeko nahi ez duen zerbait egitera. Bakoitzak bere bizitzarekin jarraitu arren, elkarrekin harreman ona mantentzen dugu.
Patxi Zabaleta eskarmentu handiko gitarrista eta Iñigo Barrenetxea bateria jotzailea dira ordezkoak. Beste martxa bat sartu diote taldeari?
Zorionez guretzat, Patxiren eta Iñigoren parte hartzeak kantuak berrikustera behartu gaitu, eta lehen jotzen genituen abestiak abiadura berean jotzera. Gainera, biak Elgoibarkoak dira, eta biak musika jotzen hasi zirenean, beraientzat eredu bat ginen. Gure abestiekin hasi ziren instrumentuak ikasten, gure abesti asko jotzen dakizkite, eta horrek asko erraztu digu lana. Hasieratik, konexioa erabatekoa izan da.
Hogei urteren ondoren, 2017an bueltatu zineten taula gainera. Hatortxu Rock jaialdian emandako kontzertu hura gogoan duzue?
Nola ez! Guretzat oso berezia izan zen hogei urte pasatu eta oraindik gurekin eta gure abestiekin bat egiten zuen jendea ikustea. Hatortxuk duen esanahia, jaialdi horretan egiten den lan erraldoia eta gainera musikaria nola zaintzen duten ikusita, pertsonalki hunkitu ninduen. 1990eko hamarkadan, urte horietan emandako kontzertu guztietan, inoiz ez genuen halakorik bizi izan.
Hatortxuren ibilbidea bukatu da, eta Lakuntzako azken edizioan talde ugari bueltatu ziren. Horren berezia izan al da Hatortxu?
Esango nuke urtero talderen bat bueltatu izan dela. Nola ez duzu Hatortxun jo nahi izango! Hainbeste jenderen aurrean, horrelako jai giroan. Nik lehen edizioetan ezagutu nuen eta orduan ere pentsatzen nuen ederra izango litzatekeela jaialdi horretan jotzea. Ez dakizu zer nolako ilusioa egin zigun hogei urte geroago gonbidatu gintuztenean.
Ehun Kilo bueltatu zenetik, zenbatu dituzue zenbat kontzertu eman dituzuen?
Ez dira asko. Deitzen ziguten bakoitzean, beti esaten genuen azkena izango zela, baina... Zenbat izango dira? 2017tik hona hamar bat? Ez ba! 2017an jo genuen Mutrikuko gaztetxean, Mendaroko jaietan, Hatortxun eta Hellgoibarko jaietan. Gero Vertigo jaialdian Ermuan 2022an, eta azkena Eibarren Su Ta Garrekin 2023an. Ez gara bira luzerik egiten duen taldea [Barrez].
Zeintzuk izan dira ederrenak?
Niretzat, zalantzarik gabe, lehenengoa, Mutrikuko gaztetxean. Egun hartan emozioz negar egin nuen. Gaztetxea bete-betea zegoen eta guztiak gurekin abesten. Egun horretan gutxien abestu zuena seguru ni izan nintzela. Gero Eibarkoa ere aipatuko nuke, Untzaga plaza lepo zegoen, lagun mordoa elkartu ziren han eta gu geuk ere bagenekien hura izango zela hasierako bostok egingo genuen azkenengo kontzertua.
Kontzertuak emateko itzuli diren talde gehienek, goizago ala geroago, abesti berriak kaleratu dituzte. Zuek oraindik ez. Zergatik?
Alfer batzuk garelako [Barrez]. Halere, ideia pare bat ditugu. Ez dugu disko oso bat grabatuko, baina zerbait egingo dugu seguru.
Orduan, ez duzue hirugarren diskorik kaleratuko?
Ez da gure asmoa. Esan moduan, agian pare bat pilulatxo plazaratuko ditugu. Gainera, ez da gure asmoa taldea denboran luzatzea. Beharbada, belaunaldi berriek euren gurasoek entzuten zituzten taldeak ezagutzea nahi genuke, eta haiei esatea, aizue, hau ere oso ondo dago!
Euskal heavyaren lehen belaunaldikoak zarete, besteak beste, Su Ta Gar, Latzen, Kartzarot eta Urtz taldeekin batera. Gaur egun, ordea, heavy metala euskaraz jorratzen duten taldeak esku bateko hatzekin zenbatu daitezke (Auritz, Etorkizun Beltza, Izan Bai...). Zer gertatu da?
Denbora aldatzen dela eta heavyak ez! 1980ko hamarkadaren bukaeran hasi ginenean, euskararen egoera oso desberdina zen oraingo egoerarekin alderatuz. Guk errepresioa ezagutu genuen eta gaur egun, agian, jendeak ez du gure hizkuntzari laguntzeko beharra ikusten. Zoritxarrez, nahiago du gaztelaniaz edo ingelesez abestu, ahalik eta jende gehiagorengana iristeko.
Baina egia da oraindik euskaraz kantatzen duten heavy taldeak badaudela, adibidez, Hellbona aurkezpen kontzertuan gurekin joko duten Basati eta Meliora taldeek, euskaraz kantatzen dute. Badaude, bai, baina zoritxarrez, ikuslegoak ez dauka ohitura bertako taldeen kontzertuetara joateko. Halere, hor dabiltza Txatar, Elizabeltz, Lau Mono, Governors eta beste hainbat talde.
Lehen bi loraldietako lau banda zarete orain estiloaren ordezkari klasikoak. Aipaturiko Su Ta Gar eta Latzen –itzuli berri direnak—, Asgarth eta zuek. Euskal heavya zuen esku dago?
Espero dut ezetz. Gure kasuan behintzat, ez. Aipatu dituzun beste hiru taldeek material berria ateratzen dute eta esango nuke mainstream direla. Baina ez dut itxaropenik galdu, seguru denborarekin eszenan berritzen diren taldeak aterako direla eta arrakasta izango dutela.
Gainerakoan, euskaraz abesten duten zein metal talde nabarmenduko zenituzkete?
Barruan daramaten hori erakusteko beharra duten guztiak, baina, batez ere, Su Ta Garreko lagun eta anaiak. 30 urte baino gehiago borrokan daramate. Haien jaiotzaren testigu izan ginen, eta, gaur egun, oraindik indartsu jarraitzen dute.
Testua: Inaxio Esnaola Aranzadi.