2025/06/02

"Geure jatorria omendu nahi izan dugu, euskaraz kantatzen hasi ginelako"

Zestoako Leize talde beteranoak 40 koxka igo ditu dagoeneko, eta gora begira jarraitzen dute. Gurean aitortza garrantzitsua merezi dute. Lau hamarkada kanpora begira pasatu behar izan dituzte. 40 peldaños (Maldito Records) lan berriarekin, ordea, barrura eta Euskal Herrira begira jarri dira, besteak beste, etxekoekin ospatu nahi dutelako urteurrena. Felix Lasa sortzaile, abeslari eta gitarra jotzaile zestoarrarekin solasaldi mamitsua osatu dugu.

Nola lortu duzue 40 koska igotzea?

Egiten dugun guztia bihotzez egiten dugulako. Benetan zaila da horrenbeste urtetan aktibo egotea eta oraindik ere egundoko gogoa edukitzea gauzak egiteko. Era berean, gure gogoarekin batera aipatzekoa da gure familien laguntza eta jarrera. Haien babesik gabe ezinezkoa litzateke irautea.

Euskal Herriko rock gogorraren eta heavy metalaren aitzindarietakoak zarete, beste hainbat talderekin batera (Angeles del Infierno, Osiris, Killers, Exodo, Averno, U.T.M., ...). Ordea, iraun duzuen bakarrenetakoak zarete?

Tira, aipaturiko talde horietatik uste dut soilik Angelesek jarraitzen duela. Guk geure bidea segitzen dugu, eta buruak eta gorputzak horrela jarraitzen duten bitartean, hemen izango gaituzue.

Hain zuzen ere, 1982an elkartu zineten Zestoan. Zu eta Toño zarete hasiera hartatik jarraitzen duzuen bakarrak. Gogoan duzu garai hura?

Oso basatia izan zen. Lehenik, Contra Viento y Marea bikote moduan hasi ginen abestiak egiten, baina laster osatu genuen laukotea. Rockaren bidez gure sentimenduak eta bizitzarekiko begiradak eskaintzeko formaturik egokiena zela iruditu zitzaigun. Gogor ekin genion. Gainera, garai hartan diktadura baten ondorioak bizitzen ari ginen, eta sekulako gogoa zegoen giroa astintzeko. Aro borrokalaria eta zoragarria izan zen. Gazteak ere baginen [barreak].

Euskarazko izena aukeratu zenuten, eta egia al da euskaraz kantatzen hasi zinetela? 85eko maketan bada euskarazko abesti bat behintzat...

Bai, Euskal Herrian aitzindariak izan ginen rock gogorra euskaraz abesten. Bigarren maketa Egun batean euskarazko kantaren aurretik beste batzuk plazaratu genituen: Oi maitasun, Gau rock, Bizirik iraun eta abar.

Hasiera horrekin konexioa egin duzue 40 peldaños diskoarekin. Izan ere, euskarazko bi kanta jaso dituzte lan honetan. Bata propioa da, eta bestea abesti ezagun baten moldaketa. Zergatik erabaki duzue euskarari berriz ere lekua egitea?

Geure jatorria omendu nahi izan dugu, euskaraz kantatzen hasi ginelako. Batetik, Mikel Laboak musikatu zuen Gure bazterrak poemaren interpretazio propioa egiteko gogoa nuen. Bestetik, abesti propio eta berri bat egin behar genuela argi genuen, 40 urteko ibilbidea ospatzeko. Nondik gatozen eta nora goazen adierazteko sortu dugu Nora noa kanta.

Lan berria ez da disko zeharo original bat —soilik kantu berriez osaturikoa—, ezta bilduma bat ere. Erdibideko bat dela esan daiteke?

Bai, zaila zelako 40 urteko bilduma soil bat egitea gure ibilbideko abesti batzuekin. Horrela, bururatu zitzaigun geure historiako momentu garrantzitsuekin lotura duten kantak biltzea. Beraz, geure bidearen une batzuk nabarmentzeko egindako diskoa da. Berreskuratu ditugun abestiak berriz grabatu ditugu gaur egungo taldearekin.

Zortzi abesti ditu lanak, eta erdiak dira birgrabaketak: La rueda, Caminando, Voy buscándote eta Al límite. Horiek dira zuen abesti esanguratsuenak?

Ez, eta errazena zen hori egitea. Ordea, ez genuen abesti ezagunenekin egindako disko bat izatea nahi. Hori egin izan bagenu, ziurrenik ez genituen berriz grabatuko. Devorando las calles, Muros, Buscando mirando, Acosándome, Noche de ronda, A tu lado, Hundiendome en la noche, No podrán eta beste horrenbeste bilduma batean biltzea litzateke. Halere, hori ez zen gure helburua.

Aldiz, hiru dira berriak: euskarazko Nora noa ederra, eta gaztelaniazko Más de lo que ves eta Paso de largo. Urteurrena ospatzeaz gain, material berria eskaini nahi zenuten?

Hori da. Taldeak bizi duen une zoragarria ere jendaurrean jarri nahi izan dugu kanta berriekin. Biziberrituta gabiltza, eta zuzenekoetan sekulako dinamika daukagu.

Aipatu moduan, Jose Antonio Artzeren Gure bazterrak poemaren moldaketa librea ere jaso duzue diskoan. Mikel Laboak egin zuenarekin eta ezagutzen dugunarekin alderatuta, oso desberdina da.

Betidanik miresmen eta errespetu handia izan dut Laboarekiko. Dena dela, moldaketa horri buelta bat emateko gogoa nuen aspalditik. 40. urteurreneko diskoa prestatzen ari ginela, une aproposena iruditu zitzaidan nire bertsio propioa egiteko. Asko gustatzen zait Artzeren poema, bihotzeraino iristen dira hitzak.

Aurreko lanarekin egin moduan, etxean bezala grabatu duzue 40 peldaños: Zarauzko Noisestudioan. Eroso eta konfiantzazko pertsona batekin?

Bai, horixe. Oihan Lizaso da gure teknikaria zuzenean eta baita estudioan ere. Berarekin oso gustura aritzen gara. Deriva diskoa grabatu genuenetik berarekin egin dugu dena. Nire antzera zestoarra da, orduan bi egoskor gara [barreak]. Aurrerantzean ere elkarrekin lanean jarraitzeko asmoa dugu.

Oro har, gustura zaudete urteurrena ospatzeko lortu duzuen emaitzarekin?

Gustura, bai. Etxean gehiago jotzea gustatuko litzaiguke, baina ezin gara kexatu. Jendeari asko gustatu zaio lan berria. Moldaketek eta kanta berriek harrera ona izan dute, soinuak baita ere. Beraz, oso pozik gaude.

Argitaratu aurretik eta ondoren, kontzertuak ematen zabiltzate. 40 urteren ondoren, sasoiko sentitzen zarete, batez ere, zu eta Toño?

Ezin da azaldu taula gainera igotzen garen bakoitzean sentitzen dugun poza. Jotzen hasi aurreko minutu horiek oso luzeak egiten zaizkigu [barreak]. Egia esan, zoragarria da bizitzen ari garena.

Beste biekin, Mikel Lazkano gitarristarekin eta Ibi Sagarna bateria jotzailearekin, dagoeneko urte batzuk daramatzazue. Gazteagoak dira, eta beraien artean ere bada adin tarte bat. Leizek aurrera jarraitzeko zenbaterainoko garrantzia dute biek?

Sekulakoa, eta ez gu baino gazteagoak direlako. Berriz ere laukote sendo bat lortu dugu, eta Leize distiratsu bat taularatzen dugu. Gure artean harreman oso ona daukagu, batez ere, lagun onak garelako.

Euskal Herriko komunikabide orokorretan eta musikan espezializatuetan agertu izan zareten arren, Leize taldearen ibilbideari ez diote hurbileko jarraipenik egin. Estatuko komunikabidetan presentzia gehiago izan duzue, eta izaten jarraitzen duzue. Ados zaude?

Betiko kontua da hori. Ez dakigu zergatik, baina agian gaztelaniaz abesten dugulako. Horrela bada, harrigarria izango litzateke hizkuntzagatik soilik gu albo batera utzi eta beste batzuei aukera gehiago ematea. Talde asko daude gaztelaniaz kantatuta ikusgarritasun gehiago izan dutenak gurean. Akaso hedabide horiei galdetu beharko diezu zein den arrazoia.

Adibidez, Gure bazterrak poema ezagunaren moldaketa egin arren, hemengo hedabideetan ez du aparteko oihartzunik izan. Zer dela eta?

Aipatu berri dudanaren ondorioa dela uste dut. Moldaketa ezagun horren nire bertsio propioak egungo begirada duela uste dut, eta baliteke urte batzuk pasata jasotzea aitortza.

40 koska igo ondoren, horiek jaitsi nahi dituzue edo beste batzuk igo?

Egungo sasoia mantentzen badugu, urte batzuk jarraitzeko moduan izango gara. Gogotsu gaude, eta gaitasuna dugun bitartean iraungo du Leizek. Finean, guk erabakiko dugu noiz utzi.


Testua: Inaxio Esnaola Aranzadi.

Hurrengo kontzertuak