2026/06/22

Gure aitzindariak

Heavy metala 1970eko hamarkada bukaeran iritsi zen Euskal Herrira, Europatik zein AEBetatik. Esan ohi da Jimmy Hendrix, Led Zeppelin, Deep Purple eta Black Sabbath izan zirela estiloa izendatu, garatu eta munduratu zutenak. Gurean Ángeles del Infierno (Lasarte, 1978) —beheko argazkia— taldea izan zen aurrenekoa heavy metala jorratzen. Garai hartan, gazteleraz abesturiko rock gogorrak eztanda egin zuen Espainian. Barón Rojo eta Obús taldeekin batera sona berezia izan zuten gipuzkoarrek.

Ángeles del Infierno

Euskal Herriko hainbat txokotan ere makina bat banda azaleratu ziren; Araban Osiris (Gasteiz, 1979), U.T.M. (Gasteiz, 1982), Rock D.A.M. (Gasteiz, 1986) eta BO2 (Gasteiz, 1986); Bizkaian Éxodo (Sestao, 1982) —beheko argazkia—, Talion (Erandio, 1983) eta Sabotaje (Bilbo, 1984); Gipuzkoan Averno (Donostia, 1982), Leize (Zestoa, 1982), Thor (Donostia, 1983), Caid Deceit (Irun, 1984) eta Shock (Donostia, 1984); eta Nafarroan Sparto (Iruñea, 1985), Mergus (Iruñea, 1985) eta Mephisto (Iruñea, 1986). Talde horiek guztiek, antzeko ezaugarriak zituzten. Heavy metal eta hard rock musika gazteleraz abesten zuten, eta kanten letrak gizarte gaien ingurukoak ziren. Ipar Euskal Herriko Killers (Bardoze, 1982) ere ezin da ahaztu, Pacemaker (Kanbo, 1984) eta Titan (Bardoze, 1986) taldeekin batera. Errepertorioaren gehiengoa frantsesezkoa izan arren, Killersek euskarazko kanta batzuk ditu.

Éxodo

1980ko hamarkadan Rock Radikal Vasco (RRV) izeneko mugimenduarekin gertatu ez moduan, heavy metalari kosta zitzaion jarraitzaileak pilatzea. Punk eta heavy zaleen arteko talkak zein aurreiritziak ugariak izan ziren. Heavya gaizki ikusia zegoen. Alabaina, hamarkada hartako azken urteetan, Eibarko Su Ta Gar (Eibar, 1987) —beheko argazkia— taldeak nortasun berri bat eman zion heavy metalari: euskalduna. Laukote hark gure hizkuntzan ere abestu zitekeela erakutsi zuen.

Su Ta Gar

Pixkanaka jendearen aurreiritziak apaldu eta harrera ona izan zuten. Eibarkoek Judas Priest, Iron Maiden, Accept eta Metallica gisako taldeen eragina berehala islatu zuten beraien kantuetan. Heavy, speed zein thrash metal klasikoa. Hitzak, ordea, gai politiko zein sozialen eta euskal mitologiaren ingurukoak ziren. 1980ko hamarkadan ere aurreneko thrash metal eta thrashcore/crossover taldeak sortu ziren: Estigia (Zarautz, 1985), Soziedad Alkoholika (Gasteiz, 1988) —beheko argazkia— eta Anestesia (Zarautz, 1988). Lehenak ibilbide motz baina esanguratsua izan zuen, eta itxuraldatuta itzuli ziren. Beste biek, berriz, erritmo desberdineko ibilbidea daramate.

Soziedad Alkoholika

1990eko hamarkadaren erdialdean euskaraz abesturiko heavy metalak lehen loraldi esanguratsua izan zuen. Su Ta Garrekin batera, Ehun Kilo (Elgoibar, 1991) eta Latzen (Oñati, 1993) —beheko argazkia– agertu ziren. Aipatzekoak dira bi talde horien maketak eta estreinako diskoak. Aurretik, Urtz (Pasaia, 1988) bandak hastapen heavya izan zuen –maketa eta lehen bi diskoak–, gerora nabarmen eraldatu zena. Bizkaian, berriz, Kartzarot (Lezama, 1989) izan zen heavy metala euskaraz jorratzen lehena.

Latzen

Hamarkada erdialdetik aurrera, euskarazko heavyaren bigarren loraldiaren hirukoa osatu zuten Idi Bihotz (Bilbo, 1996), Asgarth (Donostia, 1997) —beheko argazkia— eta Hira (Oiartzun, 1998) taldeek. Euskadi Gaztea irratiari esker heavya modan jarri zen Euskal Herriko gazteriaren artean. Asgarthek eta Hirak irrati formularen maketa lehiaketako entzuleen saria eskuratu zuten. Noraezean (Bilbo, 1996) bandak ere saria eskuratu zuen, baina ez zuen oihartzun bera lortu. Gauza bera gertatu zitzaien talde hauei: Luther (Eibar, 1993), Hiru Beltz (Bilbo, 1995) –ezaguna da eurek egindako Dragoi Bola telesailaren abestiaren moldaketa–, Azken Garrasia (Donostia, 1998) eta Segabathor (Azpeitia, 1998).

Asgarth

Su Ta Garrek hasitako bidea jarraitu zuten aipaturikoek, baina nazioarteko beste erreferente batzuekin. Europako heavy/power metalaren eragina –batez ere, alemaniarra eta eskandinaviarra– nabarmena da. Ildo beretik azaleratu ziren aurreneko power metal bandak: Beforce (Bilbo, 1996), Eternal Night (Arrasate, 1997) eta Dragon Lord (Iruñea, 1998). Bestalde, rock progresiboak jarraitzaile eta sortzaile ugari izan arren Euskal Herrian –Errobi talde erreferentea da horren eredu–, metal progresiboarekin ez zen gauza bera gertatu. Horrela ere, Preach (Bilbo, 1995) banda izan zen aitzindaria, eta urte batzuk geroago Dark Fantasy (Bilbo, 2006) agertu zen.

1990eko hamarkadan ere metalaren beste aldaera gordinagoak –death metal, black metal, doom metal, gothic metal, ...– jorratzen zituzten taldeak agertu ziren. Muturreko doinuei dagokienez, besteak beste, Phthisis (Bilbo, 1989), Desecrate (Errenteria, 1991), Elbereth (Barakaldo, 1992), Psychophony (Ondarroa, 1993), Dormanth (Bilbo, 1993), Ominous (Arrasate, 1994), Suffering Down (Loiu, 1995) —beheko argazkia—, In Thousand Lakes (Bilbo, 1996) eta Melancholic Demise (Donostia, 1998) izan ziren lehendabizikoak. Muturretik muturrerago eginez, bi brutal death metal banda dira nabarmendu beharrekoak: Impure (Bilbo, 1994) eta Cerebral Effusion (Ermua, 1997). Horiez gain, aipatzekoak dira Denial (Aretxabaleta, 2000) eta Zuldar (Sopela, 2001) euskarazko death metal melodikoaren bi aitzindariak, eta estiloa beste maila batera eraman zuen Darkness By Oath (Arrasate, 2002). 

Suffering Down

Black metal euskaldunak ere emari polita izan zuen hamarkada beraren erdialdetik aurrera. Ominous gipuzkoarrak izan ziren aitzindariak, eta bide bera hartu zuten beste batzuek: Aiumeen Basoa (Mutriku, 1994) —beheko argazkia–, Adhur (Donostia, 1995), Ilbeltz (Donostia, 1995) eta Numen (Arrasate, 1997). Hasieratik, black metala, folka eta euskal mitologiarekin zein paganismoarekin uztartu zituzten. Amurrioko eskola ere ezin da aipatu gabe utzi: Dark Faith (1998), Nakkiga (1999), Mortinatum (2001) eta Sentimen Beltza (2004). Bestalde, garai hartan thrash metalak ez zuen ordezkari askorik izan, baina aipatzekoak dira The Trasten Traste (Bilbo, 1991) eta, batez ere, Legen Beltza (Azpeitia, 1998) esanguratsuak.

Aiumeen Basoa

Muturreko askotariko doinuen arteko nahasketek eragindako bestelako joerek ere lekua hartu zuten gurean. Esan moduan, 1980ko hamarkada bukaeratik hardcorea eta thrash metala elkartu zituen Anestesia laukoak. Gauza bera egin zuten Beer Mosh (Bilbo, 1990) eta Storbais (Ermua, 1992) bandek. Bestelako kasua da Etsaiak (Lekeitio, 1987). Punk banda soila izatetik, metalaren esentzia barneratu zuten beraien hardcore punk bizian. Aldiz, funk, rock eta metala elkartu zituen Flitter (Lizarra, 1990) bandak.

Horrez gain, thrash metalak izandako beste aldaerarekin ere bat egin zuten hainbatek. Brutal Melody (Arrasate, 1994) izan zen groove metal doinuak euskaraz abesten lehena. Gaztelaniaz, berriz, Koma (Iruñea, 1995) bihurriak izan ziren aurrenekoak, Anarko (Bilbo, 1996) bandarekin batera. Thrash gordinetik groove doinuetara egin zuen Eraso! (Zarautz, 1996) —beheko argazkia— taldeak, nahiz eta pixkanaka metal kutsuko rock alternatiboa jorratzera pasatu. Bestalde, metal industrialera iritsi ziren thrash zein groove metal oinarritik Brigada Slam (Zarautz, 1993), eta hamarkada inguru geroago, Kudai (Donostia, 2002).

Aldiz, Lapurdin Godzilla izenarekin sorturiko talde batek death metala, groove metala eta progresiboa nahastea erabaki zuen. Gerora, Gojira (Baiona, 1996) gisa eman zuten zeresana eta ezagunak dira mundu osoan zehar.

Eraso!

Metal modernoaren modak ere eragina izan zuen Euskal Herrian. Esaterako, 1990eko hamarkada erdialdean eztanda egin zuen nu metal fenomeno estatubatuarrak. Faith No More, Korn eta Limp Bizkit taldeak, besteak beste, egin zituzten korronte horren sorreraren erantzule. Esperimentazioa, grunge, rap, elektronika eta bestelako joera alternatiboak metalarekin nahastean gertatu zen dena. Aipaturiko doinuak euskaraz jorratzen aurrenekoak Pi.L.T (Mungia, 1992), Ekon (Arrasate, 1994) —beheko argazkia–, OST (Bermeo, 1995) eta Jousilouli (Lezo, 1995) izan ziren. Berri Txarrak (Lekunberri, 1994) nafarrak ere multzo honetan sartu behar dira. Hasiera heavya izan bazuten ere, metal modernora pasatu ziren bigarren diskoarekin. Gerora rock gogorraren esentzia mantendu arren, rock, hardcore zein pop alternatiboaren alorrean egin dute ibilbidea agur esan zuten arte.

Urte batzuk geroago, irrati formula jakinak euskarazko nu metal loraldi moduko bat hauspotu zuen ere Muted (Abadiño, 2003) taldearen agerpenarekin. Oihartzuna zirudiena baino apalagoa izan zen. Mungiako Pog Mo Thon, Andoaingo Kauta eta Donibane Garaziko Ikus ere aipa daitezke.

Ekon

Azken hamarkada luzean metalaren eta hardcorearen arteko lotura makurrak bihurtu dira tendentzia. Euskal Herrian doinu horiek jorratzen lehenak Biok (Usansolo, 1999), Dead Means Nothing (Irurtzun, 2003) eta Dawn of the Maya (Iruñea, 2006) izan ziren. Biok taldearekin batera, Akatu (Iruñea, 2004) izan zen metalcore doinuak euskaraz abesten lehena. 

Azkenik, mundu mailako diskoetxeekin sinatzea lortu zuten bi talde azpimarratu behar dira. Batetik, Diabulus in Musica (Iruñea, 2006) –beheko argazkia– banda da gurean kalitatezko metal sinfonikoa jorratzen lehena. Dragon Lord taldearen errautsetatik sortu zenak, nazioarteko ateak ireki zituen estreinako diskoarekin, eta gaur egun, bide beretik jarraitzen dute. Bestetik, Rise To Fall (Sopela, 2006) taldeak death metal melodiko eta modernoaren bidez munduratzea lortu zuen.

Diabulus In Musica

Urte hauetan guztietan sortu eta desagertu diren talde esanguratsu zein aitzindarien errepasoa eginda, komeni da nabarmentzea askoz ere banda gehiagok osatzen dutela Euskal Herriko heavy metalaren diskografia.


Testua: Inaxio Esnaola Aranzadi.

Lee este artículo en castellano.

Podcasta

Hurrengo kontzertuak