2024/09/06

"Gure ideia musika iluna egitea da, sentimenduak gogorarazten dituena"

Estudiotik taula gainerako bidea egin du Shallow Waters talde gipuzkoarrak, boskote bihurtuta. Iluntasunetik argitaratu dute All Colours Blur To One (Meuse Music Records) bigarren diskoa. Aldiz, argitasunetik iluntasunera doaz laneko abestiak. Pasarte eta ñabardura adierazgarri gehiago dituzte. Egia esan, estreinako diskoa baino ausartagoa eta aberatsagoa da bigarrena. Egindako urratsaz eta beste aritu gara Tristan Iñiguez gitarra jotzaile eta gidariarekin.

Hilabete batzuk pasatu dira All Colours Blur To One bigarren diskoa argitaratu zenutenetik. Ordutik hona, zer nolako harrera izan du?

Diskoaren harrera oso ona izan da orain arte, batez ere atzerritik datorren iritzia, han entzun baita gehien. Lehenengo hilabetean bakarrik, 30.000 erreprodukzio baino gehiago lortu genituen plataforma digitaletan, eta ordutik kopuruak hazten jarraitu du. Spotify plataforman ia 3.000 entzule izan ditugu hilero, duela hilabete batzuk 40 entzule genituenean. Diskoaren edizio fisikoa ere laster agortuko dugu, ale gutxi geratzen baitira. Oso zenbaki txikiak izaten jarraitzen dute, baina gure gisako banda underground batentzat, nondik gatozen ikusita, ikaragarria da. Erantzun positiboa jasotzen ari gara hainbat herrialdeetatik: Alemania, Finlandia, Frantzia, Suedia eta AEBak, besteak beste.

Deigarriak diren hainbat xehetasun ditu lanak. Hasteko, izenburua. Zein da bere esanahia?

Bizitza eta heriotza adierazi nahi du, itxaropena eta etsipena, argia eta iluntasuna, poza eta tristura. Izenburu honekin, pertsona bakoitzaren bizitzan uneoro argiak eta itzalak eta momentu txarrak daudela irudikatu nahi genuen. Kolore guztiak kolore bakarrean urtzen dira urtzen dira gauzak gaizki doazenean. Sentimenduak, alaitasuna eta tristura, kolore paleta batera eramateko modu bat da.

Izenburu bera duen kantaren bideoklipa ikusten duenak, koadroa pintatzen ari den pertsonak (Beatrizze) irudikatzen du diodana. Kolore biziak eta alaiak margotzen hasten da, eta fisikoki ondo dago. Denborak aurrera egin ahala, ikusten da pertsonak horren burua ahultzen hasten dela, gauza ilunak margotzen, kolore hautsiak erabiltzen, eta azkenean arimarik eta izpiriturik gabeko izaki bat bihurtzen da.

Azalarekin ere azaldurikoa irudikatu nahi izan duzue?

Denak du nolabaiteko lotura. Bideoklipak, diskoaren izenburuak eta azalak. Erabaki genuen lehendabiziko gauza izenburua izan zen, eta azalerako lortu nahi genuena aipatu genion Luis Louzaori (The Ninth Circle Design). Azalean bi pertsona bakar batean bizi direla ikus daiteke. Batetik, alaitasuna, argia, kolorea, azal osasuntsua eta bizitza ditugu. Bestetik, iluntasuna, etsipena, eromena eta heriotza. Noizbait argitsua, koloretsua eta zoriontsua izan zena, zeharo tristea bilakatzen da.

Mamia bera ere aipagarria da. Nabari da musikalki pauso bat edo bi eman dituzuela. Taldea osatzea eta egonkortzea garrantzitsua izan da?

Pozten nau horrela ikusteak. Bai, gauza asko izan dira. Alde batetik, gure soinua nahi dugun tokira eramaten ari garela uste dut. Lehen diskoa, agian, aurkezpena izan zen, eta bigarrenean erosoago gaude. Badakigu zein den bidea, eta bide hori berritzen jarraituko dugu. Bi lanek patroi bati jarraitzen dioten arren, oso disko ezberdinak dira. Hurrengoa ere izango da, ziurrenik. Goitik behera irauli daiteke, baina gure musika esparruan mugituko gara beti. Jende askok esaten digu oso soinu pertsonala eta propioa dugula, eragin eta estilo asko barneratzen dituelako.

Bestalde, banda sendotzeak, elkar gehiago ezagutzeak, zer nahi dugun jakiteak eta talde on bat egiteak banda hazteko eta gauzak hobeto egiteko eragina izan du. Horren guztiaren alde ona da jende eskarmentuduna garela, eta gauzak eta prozesuak %200ean egiten ditugula. Izan ere, badakigu prozesuak nolakoak diren. Beraz, askoz errazagoa da lan egitea eta elkar ulertzea.

Pablo Egido (The Houleum, Ikarie) abeslariaren ekarpena aberatsagoa da, eta Rober Garcia (Hex) bateria jotzailearen eskarmentua nabari da. Zer gehitu diote biek zure musikagintzari?

Pablo talde barruan esperientzia gehien duen pertsona izango da, urte asko daramatza horretan, badaki nola funtzionatzen duen guztiak eta oso trebea da. Galera handia izan genuen Andres Pestanak (Demised, The Black Tree) taldea uztea erabaki zuenean. Gure lagun ona da oraindik ere, baina nabari da haren hutsunea. Zorionez, horrek bultzatu zuen Pablo ahots guztiez arduratzea, eta agerikoa da emaitza. Pozik gaude egin duen ekarpenarekin.

Rober, berriz, bandaren arima da. Kolperen bat jasotzean edo zerbait kolokan jartzen denean, bera dago gu altxatzeko. Oso positiboa da. Bigarren diskoan ñabardura, egitura eta bateriaren xehetasun gehiago entzun daitezke. Gau eta egun arduratu da disko hau entzuteaz eta bere lan bikainagatik zoriontzea besterik ez zaigu geratzen.

Beste bi kideak ezin aipatu gabe utzi, haserretu ez daitezen. Andoni Barkero (Lined) da beste gitarrista, eta Manex Akerburu (Hex) baxu jotzailea. Biak etxekoak, eta musikari onak, ezta?

Ez dira haserretuko! [Barrez] Biak zintzoak dira, eta aspaldiko ezagunak. Andoni txikitatik ezagutzen dut, ikastola berera joan ginen eta futbolean aritzen ginen elkarrekin. Urte batzuk beranduago, Lined bere taldeari esker elkartu ginen, berriz ere. Bera musikari moduan, eta ni ekoizle gisa. Askotan lan egin dut berarekin, eta banuen bere gaitasunen berri. Gitarrista bikaina da, ideia onak ditu, oso azkar ikasten du eta pertsona aparta da. Bestalde, Roberren oso laguna da aspalditik. Beraz, bere izena aipatu genuenean, berehala konturatu ginen aproposa zela.

Manexi dagokionez, taldearekin bat egin zuen azkena da. Pertsonalki ez nuen harreman zuzenik harekin, eta ez genuen talderik konpartitu. Roberrek ondo ezagutzen du, Denial taldean elkarrekin aritu zirelako, eta, gaur egun, Hex bandan daudelako biak. Aplikatua, musikari ona eta dibertigarria da, eta maiz taldearen inguruan hausnartzera garamatza.

Hain zuzen ere, Denial taldean ibilitakoak dira Rober eta Manex. Seguru nago hurbiletik jarraitu zenuen taldea dela...

Bai, noski. Darkness By Oath zerotik hasi zenean, lokal bat alokatu genuen Denialen entseatzen zuen tokiaren azpian. Orduan, Alex Garciak jotzen zuen gitarra Denialen. Kuadrillako lagun on bat zen, eta Darkness By Oathen hastapenetan parte hartu zuen. Ostiraletan eta asteburu askotan festa ederrak antolatzen genituen lokaletan. Elkarrekin jotzen eta inprobisatzen genuen. 2002. urte inguruan izan zen hori, pentsa. Nork esango zigun topo egingo genuela horrenbeste urteren ondoren.

Diskoarekin bueltan, post black metal etiketaz harago, doom eta death metal melodiko malenkoniatsua oso presente dago hamar abestietan. Shallow Waters abaniko musikal zabalago baten emaitza da?

Hori da. Horregatik erabiltzen dugu melancholic post black metal etiketa. Benetan zaila da Shallow Watersi etiketa bat jartzea, baina musikaren industriak horretara behartzen zaitu, nolabait sailkatzera. Gure ideia musika iluna egitea da, malenkoniatsua, sentimenduak gogorarazten dituena eta bere oinarri musikala post black metala izatea. Badakigu beste estilo batzuetako elementuak ditugula; doom, death metal melodikoa, rock gotikoa...

Beraz, ez gaitu arduratzen. Are gehiago, pozten gaitu bakoitzak bere ikuspegia izateak. Horregatik, askotan soinu propioa dugula diote. Hurrengo diskoa baliteke guztiz desberdina izatea, eta beste estilo batzuetako edo estilo horietako elementuak izango ditu, gehiago edo gutxiago nabarmenduko direnak. Argi duguna da lehen eta bigarren diskoekin alderatuta, desberdina izango dela, taldearen esentzia mantenduta.

Darkness By Oath eta The Great Wound taldeekin landu zenituen doinuekin alderatuta, Shallow Waters da zure heldutasun musikala islatzen duen banda?

Dudarik gabe. Harro nago Darkness By Oath eta The Great Wound taldeekin egindakoaz. Etapa oso politak izan ziren, bakoitza bere gauzekin. Halere, Shallow Waters da betidanik egin nahi izan dudan taldea. Agian jendeagatik, agian estilo musikalagatik, agian heldutasun musikal eta pertsonalagatik... Ez dakit, baina sentitzen dut nirekin bat datorren proiektua dela. Nire gustu musikalak ere aldatu egin dira urteetan zehar, eta orain gehiago gozatzen dut beste musika batzuekin, baita metaletik kanpo ere. Shallow Watersek aukera ematen dit hori guztia islatzeko. Beraz, proiektu honek eskaintzen digun sormena eta maila oso zabala da, eta ez gaude eskuak eta hankak lotuta riff hau edo beste bat egiteko, inork ez digu errietarik egingo edo aurpegi txarrik jarriko gothic rock edo black metal pasarte bat sartzen badugu.

Gaur egun, Evadne taldeko kidea ere bazara. Horrek zenbaterainoko eragina izan du Shallow Watersen konposizioetan?

Baliteke subkontzientean nolabait eragin izana, ez dakit. Egia esan, doom/death melodikoaren eta, oro har, doom metalaren jarraitzaile sutsua naiz aspalditik.

Proiektu propioekin aritu zara orain gutxi arte. Beste talde batentzat gitarra jotzen aritzeak zer ekarpen egin dizu?

Evadnerekin jotzea esperientzia ikaragarria da. Musikari laguntzaile gisa nabil haiekin, baina taldekide sentitzen naiz, haiek horrela esaten didatelako. Lehen unetik izan genuen konexioa, betidanik elkar ezagutuko bagina bezala. Eskarmentu handiko musikariak dira, denok modu autonomoan funtzionatzen dugu eta ondo moldatzen gara. Esperientzien mailan, Europa osoan zehar bidaiatzeko aukera eman dit gure musika joz eta jende eta leku harrigarriak ezagutuz. Egunero parte hartzen eta ikasten dut, plazer bat da beraiekin egotea.

Diskoaren soinu ekoizpenari dagokionez, berriz ere, su motelean zaindu duzu prozesu guztia zure Bergarako Auryn Studios berrietan. Zentzu horretan ere beste urrats bat edo bi egin dituzuela esan genezake. Gustura zaude lorturiko emaitzarekin?

Eskerrik asko zure hitzengatik. Bai, pozik nago emaitzarekin. Beti hobetu daiteke hau eta hura, baina uneren batean gelditu egin behar duzu, eta une egokian gelditu zela uste dut. Orain gauza asko aldatuko lirateke, baina bukaerarik gabeko ipuina litzateke.

Estudio berria ireki izanak aberastu egin nau. Kokapen berriak aukera gehiago eskaintzen dizkigu, eta, horrela, 200 pertsona baino gehiagorekin lan egin dut, 40 banda eta musika estilo guztietako artista baino gehiagorekin. Soinu desberdinak eta soinu planoak tratatzen ikasi dut, elkarrengandik oso desberdinak diren materialekin lan egin dut, eta abar. Uste dut azken bi urte hauetan ikasi dudana, ez dudala aurreko hamar urteetan ikasi. Beraz, lanean jarraituko dut taldeei beren helburuak lortzen laguntzen diedan bitartean.

Aldiz, argitalpena munduratzeko, Belgikako Meuse Music Records (Evadne, Helevorn) diskoetxearen babesa lortu duzue. Jorratzen duzuen musikarako aproposena da?

Doom metalera bideratutako diskoetxea da, nahiz eta post black eta black metal doinuak babestu dituzten, Horregatik erabaki genuen diskoa beraiekin argitaratzea. Nik Belgikako jaialdi batean ezagutu nituen diskoetxeko buruak Evadnerekin jotzera joan nintzenean, eta beste talde bat nuela esan nien. Jende zintzoa da eta ondo lan egiten dute, gure proposamena gustatu zitzaien eta diskoa argitaratzea erabaki zuten. Elkar ikusi genuen hurrengo aldian (Belgikan berriro), kontratuaren baldintzak negoziatzen ari ginen. Dena oso erraza eta gardena izan da, beraz, konforme gaude.

Diskoa oso ondo funtzionatzen ari da. Askatasun osoa eman digute taldearen promozioa antolatu ahal izateko, eta dena beraiekin adostu dugu. Beraz, gustagarria da diskoetxe irekin batekin elkarlanean aritzea.

Lan berria aurkezteko bi kontzertu eman dituzue orain arte. Lehena, iazko urrian izan zen Portugaleteko Groove aretoan. Bigarrena, berriz, pasa den maiatzean Frantziako Rock Metal Camp jaialdian. Gustura geratu zineten bi emankizunekin?

Bai. Egia esan, beti hobetu daiteke eta oso autokritikoak gara gure lanarekin, baina taldearen lehen kontzertua izateko (Groove), oso ondo egon zen. Boskote gisa oso denbora gutxi daramagu elkarrekin, eta hori agertokian ez nabaritzea zen helburu nagusia. Alde horretatik pozik gaudela uste dut. Banda gisa hobetu behar dugu, baina denborak esango du.

Bigarren kontzertuaren sentsazioa, Rock Metal Campen, are hobea izan zen. Askoz ere solteago, sendoago, lasaiago eta seguruago geunden, eta jende askoren aurrean jo genuen ostiraleko ordutegi nagusian. Esperientzia oso ona izan zen, arazo teknikoak izan arren, bete-betean bizi izan genuena. Badirudi jendeari gustatzen zaiola gure proposamena, eta hori da garrantzitsuena guretzat.

Beste kontzertu batzuk iragarri badituzue ere, zuzeneko gutxi eskaintzeko asmoa duzue?

Bai, noski. Bi diskoak aurkezten jarraituko dugu aurten eta datorren urtean. Momentuz, hiru dira iragarri ditugun kontzertuak. Azaroaren 2an, Murtziako Spectrum aretoan ariko gara. Datorren urteko urtarrilaren 25ean, Portugaleteko Groove aretoan. Eta martxoaren 8an, Madrilgo Barracudas aretoan. Gehiago ditugu lotuta, eta batzuk zehaztear gaude.

Eta Gipuzkoan, zuen jatorrian, noiz ariko zarete zuzenean?

Horren bila gabiltza, ez da gogo faltagatik izango. Pixka bat zailtzen ari da aretoen faltagatik, haien baldintzengatik edo daten falta edo koordinazioagatik, baina ziur uneren batean aukera izango dugula.


Testua: Inaxio Esnaola Aranzadi.
Argazkia: David Zabala.

Hurrengo kontzertuak