2022/09/13

"Guretzat garrantzitsua den ondare txiki honek sarean leku bat izatea nahi nuen"

Euskal Herriko zenbat heavy metal fanzine ezagutzen dituzue? Breaker izenekoa da aitzindarietako bat. Pasaiako hainbat gaztek sortu zuten 1980ko hamarkadaren erdialdean, eta hamar zenbaki kaleratu zituzten. Iaz zenbaki horien orrialdeak, pixkanaka, sare sozialetan partekatzen hasi ziren. Orrialde horiekin batera, garaiko testuingurua irakur daiteke. Breaker fanzinearen legatua nabarmentzeko, IKO sortzailearekin hitz egin dugu.

Hasteko, IKO izengoitiaren atzean nor dago?

Ion Koldo Olea Lahuerta. Fanzinean idazten eta beste fanzine, aldizkari, egunkari eta abarretan kolaboratzen hasi nintzenean, sinplifikatu eta I.K.O. inizialak jarri nituen. Ordutik, nire sinadura IKO da.

1984an, 18 urterekin, heavy metal fanzine bat sortzea erabaki zenuen Pasai Antxon (Gipuzkoa). Zergatik?

Gaztea nintzen musika entzuten hasi nintzenean, eta heavy metala izan zen gehien erakarri ninduen estiloa. 15 urterekin aldizkari heavyekiko interesa piztu zitzaidan. Garai hartan, punk zale batek fanzineak uzten zizkidan punk eta protesta girokoak. Beste punk zale batekin eztabaida bat izan nuen, esaten zidalako ezinezkoa zela heavyari buruzko fanzine bat egitea. Heavyek ez omen genuen mezurik zabaltzeko, eta ginela mugimenduetan barneratzen. Gainera, nahiko komertziala zela esaten zidaten eta ez zuela fanzinerik behar. Nik hobeto pentsatu nuen, eta fanzinea heavya gustuko zuen jende gehiagorengana iristeko sortu genuen, eta ez mezu jakinik zabaltzeko. Ondoren, laguntza behar zuten bertako taldeak babestea erabaki genuen.

Beste hiru lagunekin elkartu zinen fanzinea martxan jartzeko. Nortzuk dira?

Hasieran lau ginen; Gotzon, Felix, Juanma eta laurok. Jende gehiagoren laguntza ere bagenuen. Batez ere, nire ahizparena. Makinaz oso ondo idazten zuen, eta frantsesez zeuden aldizkariak itzultzen zituen.

Beste fanzine batzuk irakurtzen eta jarraitzen zenituen garai hartan?

Fanzine heavyrik, ez. Aldizkari batzuk zeuden: Heavy Rock, Popular 1 eta Metal Hammer, besteak beste. Punk fanzine bat irakurtzen nuen: Destruye. Erreferentziak izan arren, gure fanzinea dena originala izan zen: egitura, koadernaketa eta abar.

Accepten diskoari zor dio izena Breaker fanzineak?

Bai. Apurtzailea da bere esanahia. Asko gustatzen zitzaigun abestia eta taldea da.

1980ko hamarkadaren hasieran eta erdian, nola bizi zen heavy metala Pasai Antxon, Donostian, Gipuzkoan eta inguruetan?

Azaltzeko zaila da. Hasteko, nazioarteko heavy metal taldeen kontzertu guztiak genituen Anoetako belodromoan. Dirua zuenak ez zuen bat bera ere galtzen. Hemengo eszena hilda zegoen. Angeles del Infierno Madrilera joan ziren, eta gainerakoek ahal zuten lekuan jotzen zuten. Guitarras de Fuego, Averno, Thor, Shock eta Leize aipa ditzaket, besteak beste. Gu Parte Zaharrera joan ohi ginen, Arraun tabernara, heavyaren benetako tenplura. Han uzten genuen gurasoek ematen ziguten diru guztia.

Breaker izan zen heavy metalari eskainitako lehen fanzine gipuzkoarra?

Nik dakidala, bai, eta baita Euskal Herrikoa ere.

Lehen zenbakiaren zenbat ale atera zenituzten, eta zer nolako harrera izan zuen?

Ikaragarria izan zen. Errenteriako Don Bosco ikastetxean ari nintzen ikasketak egiten, eta tabernan saltzen genituen. 100 ale kaleratu genituen, eta dena saldu zen. Ikastetxe horretan heavy asko zeuden ezkutuan! [barrez]

Fanzineari dagokionez, hasieratik nazioarteko eta tokiko bandak elkartu zenituzten zuen orrialdeetan. Hori zen ideia nagusia?

1984. urtean ez zegoen Internetik, ordenagailurik, mugikorrik eta koloretako fotokopiarik! Ez zegoen bertako heavy eszenarik. Fanzinea sortu genuen heavy musika gustuko zuen jendeak taldeen eta kontzertuen berri izan zezan. Era berean, jende hori pixka bat elkartu ahal izatea zen gure helburua, bertako taldeak laguntzen hasteko, eta ez bakarrik nahikoa baliabide zituzten nazioartekoak.

Are gehiago, Breakerri esker ezagutu zenituzten eta ezagutzera eman zenituzten Gipuzkoako eta Euskal Herriko bertako heavy metal taldeak, ezta?

Hori izan zen garrantzitsuena. Taldeen, jendearen, lokalen eta abarren benetako sare bat sortu genuen. Elkartzen hasi ginen eta gu ere tokiko kontzertuak antolatzeari ekin genion. Management bulego bat ere sortu genuen (Bolos IKO), argitalpenen bat babestu (Descarga Norte bilduma), maketak saldu eta abar.

Grupos Locales atala garai hartako heavy metal entziklopedia txiki bat da. Egia da zuen orrialdeetan lekua egin zenieten banda askok ez zutela ibilbide luzerik izan. Halere, Breaker izan zen talde horien informazioa jaso zuen bakarrenetakoa.

Eskerrik asko. Gu hasieran beldurtuta joaten ginen entsegu lokaletara. Garai hartan, 18 urte genituen eta mundu honetan sartzeak errespetu pixka bat ematen zigun. Ez genekien zerekin eta norekin topo egingo genuen. Honek oso gutxi iraun zuen. Taldeek gogo handia zuten beraien musika jotzeko eta zabaltzeko, eta gu laguntzeko prest geunden. Kontzertuak antolatu ahal izateak lagundu zuen gehien bertako heavyaren giroa eta ezagutza zabaltzen. Gaztetxeek lagundu zigutena ezin izango dut maila berean eskertu. Milioi bat aldiz adierazi dut, eta berriz errepikatuko dut. Gaztetxeak topaguneak eta milaka mugimendu sortu ziren lekuak ziren. Milaka istorio sortu ziren, eta jendearen kultura guztia hazten laguntzen zuten. Batez ere, gazte jendearena eta energia askorekin.

Fanzinearen zein beste atal nabarmenduko zenituzke? Adibidez, taldeen posterrak.

Garai hartan, posterrak zure gelako horman edo armairuan jartzea ohikoa zen. Horregatik sartu genituen fanzineetan. Orain fotokopien kalitatea ikusten dut eta... barre egiten diot ausardia hari. Orain oharkabean pasa daitekeen atal bat Duras Ondas izan daiteke, eta, orduan, oso erabilgarria zen. Berriz ere diot 1984. urtea zela, eta komunikabideetan heavy metalak ez zuen lekurik. Pixkanaka, tokiko irratietako saio batzuetan eta irrati libreetan heavyari lekua egiten hasi ziren. Bereziki, irrati libreei esker heavy metal programak ugaritu ziren, eta gure inguruan gertatzen zenari oihartzuna ematen zioten. Hori funtsezkoa izan zen bertako heavy taldeen hedapenerako. Gaztetxeei ez ezik, irrati libre horiei ere eskertu behar diegu egindako lana.

Guztira, hamar zenbaki atera zenituzten 1984. eta 1987. urteen artean. Fanzineak zer nolako bilakaera izan zuen?

Sinestezina. Lehenengoaren eta azkenaren arteko aldea ikustea besterik ez dago. Ez kalitatearengatik, edukiarengatik baizik. Lehen zenbakian lau mutiko ginen, mundu ezezagun batean barneratu ginenak inor ezagutu gabe. Hiru urte beranduago, azken zenbakian, ehunka lagun, laguntzaile, herriko talde eta abarren zerrenda dago. Harremanen, taldeen, lokalen eta irratien sare bat sortu zen, izugarri luzea eta imajinaezina.

Zenbakiren bat nabarmenduko zenuke?

Jakina, hamargarrena eta azkena. Juanma eta biok esku artean genuen guztia plazaratu genuen. Hamargarren zenbakia benetako agenda bat da 1980ko hamarkadako Euskal Herriko heavy metal taldeak ezagutzeko. Dena jarri genuen: telefonoak, taldekideak, argazkiak, letrak eta beste. Gozatzen ari ginen unearen erradiografia da.

Eta zergatik erabaki zenuten Breakerren abenturarekin bukatzea?

Bi arrazoi oso argirengatik. Batetik, lana eginda zegoela pentsatu genuen. Ezerezetik jaio ginen, eta azken zenbaki horretan, beste fanzine batzuk, heavya programatzen zuten irrati libre batzuk, talde askoz ere ezagunagoak, benetako kolaboratzaile sare bat eta jaialdi heavyak zeuden. Bestetik, Gironara eraman ninduen enpresa batean lanean hasi nintzen. Eta, noski, beste gauza batzuk egin ahal izan nituen, tarteka, baina dagoeneko ez nengoen Euskal Herrian. Egunerokotasuna galdu nuen.

Fanzinea ateratzeaz gain, hainbat kontzertu antolatu zenituzten Pasai Antxon. Zeintzuk izan ziren eta zer nolako esperientzia izan zen?

Hamar kontzertu izan ziren; argi dago hamar zenbakia gustuko dudala. 1986an hasi ginen, kontzertu bat nola antolatzen den jakin gabe. Pasai Antxoko Sanferminetan hasi ginen programatzen, 1995. urtera arte. Jaialdia hazi egin zen talde eta kolaboratzaile gehiago ezagutzen genituen heinean. Bertako heavy taldeen termometro ona izan zen, azpigenero guztiei dagokienez. Sekulakoa izan zen eta asko ikasi genuen. Gauzak ez ziren beti espero bezain ongi atera, baina jendeak asko lagundu zigun.

Breakerrekin lotutako beste jardueraren bat aipatuko zenuke?

Denetik pixka bat. Management agentzia bat sortu nuen (Bolos IKO). Ostiralero kolaboratzen hasi nintzen Diario Vascoren Devórame gehigarrian. Bertako taldeak, jaialdiak, maketak eta gizarte mugimenduak bultzatzeko aukera izan nuen. Oso garrantzitsua izan zen laguntza hori talde hasiberrientzat. Gogoratzen dut Su Ta Garren lehen maketari buruz idatzi nuela, adibidez.

Urte horietan heavy metalari buruzko fanzine gehiago sortu ziren Euskal Herrian?

Bai, baina oraintxe bertan memoriak ez dit laguntzen. Uste dut Lasarte-Oriako Sin Fronteras dela horietako bat.

Gaur egun ez zara Pasai Antxon bizi, baina nazioarteko eta tokiko heavy metalaren gaurkotasuna jarraitzen duzu?

Beno, nolabait, bai. Radio 3 irratia asko entzuten dut, eta bereziki, El Vuelo del Fénix irratsaioa. Radio 3 irratiarekin harremana izan dut 1984an heavy metalarekin hasi nintzenean. Irratiko jende asko ezagutu dut hainbat urtetan. Orain sare sozialetan talde asko jarraitzen ditut, baita Herriko Burdina eta beste heavy metal webgune batzuk ere. Hasi ginenean baino oso bestelakoa da egungo egoera. Asko dago aukeratzeko, eta ez zara denera iristen.

Urte asko igaro eta gauza asko aldatu dira. Zeren falta sumatzen duzu?

Gauzak hobera joan direla uste dut, ezta? Profesionaltasunera iritsi gara. Gauzak egiteko erabiltzen diren bitartekoek ez dute mugarik. Dena dela, batzuetan ikusten dut iparra galtzen dela gauza horiekin. Talde asko ukiezinak dira, oztopo asko daude, eta ez dago zuzeneko harreman hori. Dena sare sozial baten bidez egin behar da. Gaur egungo gizartea horrelakoa da.

2021eko irailean orrialde bat sortu zenuen Facebooken Breakerren ondarea gogoratzeko. Zergatik?

Paperean zegoen dena. Guretzat garrantzitsua den ondare txiki honek sarean leku bat izatea nahi nuen. interneteko hodei horretan tarte txiki bat izan zezan behar nuen. Oso pertsonala eta diseinu handirik gabea egin nuen. Breaker bezala, dena oso erraza, baina jendearengandik oso hurbil.

Breakerren zenbaki guztiak digitalizatzeko asmoa duzu?

Alferkeria handia ematen dit orriz orri digitalizatzeak. Zenbaki guztien fotokopiak egin izan ditut paperezko liburutegi, museo eta artxiboren baterako. Norbaitek ideiaren bat badu edo antzeko zerbait egin nahi badu nirekin harremanetan jar dadila.

Gaur egun fanzine gutxi daude, baina webgune batzuk bere funtziora hurbiltzen dira. 2002ko azaroan Herriko Burdina webzinea sortu genuenean, zuen fanzinea erreferentzietako bat izan zen.

Egiten duzuen lana izugarria da. Webgunean dauden taldeek eskerrak eman behar dizkizuete. Zuek bezalako webguneak behar dituzte. Guk hasi genuenaren bilakaera da, eta zuek euskaraz egitea oso garrantzitsua da. Lan honekin jarraitu eta taldeen arteko harremana sustatu, euren kontzertuetara joan eta beraiekin zuzenean hitz egin. Harreman hori ezin duzue galdu

Eskerrik asko zure denboragatik IKO. Zerbait gehitu nahi baduzu, aurrera.

Eskerrik asko hain iragan urrun eta ia ahaztuaz interesatu zaretelako. Zorte on Herriko Burdina webzinearekin, eta zorionak 20. urteurrenagatik!

Hurrengo kontzertuak