Donostian sorturiko Ancient Settlers taldea etengabe hazi da azken lau urteotan, eta oraindik ezin da jakin noraino iritsiko diren. Taldekide bakoitza munduko txoko desberdin batean bizi den arren, elkartzen, sortzen, lan berriak kaleratzen eta kontzertuak ematen ari dira. Maiatzean Oblivion's Legacy iraupen luzeko bigarren diskoa argitaratuko dute, baina berritasunik ez dute galdu aurrez kaleraturiko bi lan laburrek: bata elektrikoa eta bestea akustikoa. Antzinako kolono hauen historia laburra, baina intentsua ezagutzeko unea da. Irunen bizi den Carlos Chiesa-Estomba gitarra jotzaile eta konposatzaileak hartu du hitza.
Bidea egiten hasi berri zareten arren, ez zarete hasiberriak. Venezuelako bi musikarik abentura berri bat hasi zenuten Donostian, 2020an. Zergatik?
Ancient Settlers 2020. urte bukaeran sortu bagenuen ere, proiektuaren parte izan diren musikariek hamabost urte baino gehiago daramatzate metalgintzan beste talde batzuetan. Dena dela, hainbat arrazoirengatik bost edo sei generamatzan kide gehienak musika mundutik aldenduta taldea osatzea erabaki genuen arte.
Noiz etorri zineten Euskal Herrira eta zenbat denbora behar izan zenuten Ancient Settlers martxan jartzeko?
Ni izan nintzen hona iritsi zen lehena. 2016. urtean etorri nintzen lan kontuengatik, eta lehenengo lau urteak hemengo paisaiak eta gastronomia ezagutzen eman nituen. Ondoren, taldea abian jartzeko unea iritsi zen. Hau diot euskal lurraren eta kulturaren esplorazio fase horrek eragin handia izan duelako Ancient Settlersen oinarrian dagoen sormenean eta kontzeptu lirikoan.
Venezuelan Hermanek eta zuk beste metal banda bat izan zenuten, Haboryn izenekoa. Lan batzuk argitaratzeko eta kontzertu batzuk emateko aukera izan zenuten, ezta?
Bai, Haboryn thrash/death metalera bideratutako proiektua izan zen, tarteka nahiko melodikoa. Hamar urte baino gehiago aritu ginen, eta denbora horretan hiru disko argitaratu genituen. Gainera, 120 kontzertu baino gehiago eskaini genituen gure sorterrian, Venezuelan, eta baita Brasilen ere. Europan kontzertu bira bat ere egin genuen 2012an, eta Espainian bi kontzertu jo genituen. Besteak beste, Arch Enemy gisako taldeekin jotzeko aukera izan genuen Hego Amerikan egindako biretako batean.
Ba al dago loturarik Ancient Settlersen eta Haborynen artean, edo bakoitza proiektu desberdin bat da?
Ezinezkoa litzateke konexioa ukatzea, Herman eta biok ginelako Haborynen konposizioaren arduradunak. Beraz, esan nezake, disko haiek entzuten ditudanean, Ancient Settlers izan denaren aurrekari modukoa iruditzen zaidala. Orain heldutasun zama batekin, gure konposizioak modu egokiagoan bideratzea eta soinu pertsonalago batera hurbiltzeko gai izatea ahalbidetu digu.
Nolakoa izan zen musikariak bilatzeko eta taldea egonkortzeko prozesua? Donostian errazagoa izan da horrelako talde bat martxan jartzea?
Bilaketa prozesua oso konplexua izan da, ez genuelako entseguetarako jenderik topatzen. Konposatzeko, grabatzeko, errepidera ateratzeko eta zer gertatzen zen ikusteko konpromisoa zuen jendea nahi genuen. Uste dugu jende gehienak arrazoi desberdinengatik ez duela horrela ikusten. Horrela ere, hainbeste urtez geldirik egon ondoren, itzultzea ez zen aukera bat, hobeto egiteko ez bazen, iraganeko akatsak saihestuz eta ahalik eta urrutien iristen saiatuz. Donostia ez da talde bat sortzeko leku zaila, inguruko metalean jende asko dabilen hiria delako. Kontzertuei dagokienez, beste istorio bat da. Euskal Herri osoko lekurik zailena da kontzertu bat lotzeko.
Taldekide batzuk joan eta beste batzuk etorri ondoren, boskotea sendotu duzuela uste duzu?
Bai, hala da. Hasi ginenean, Emmy Reyes (BlackBeer) gitarrista gisa aritu zen, Rene Gonzalez teklatua jotzen, eta Antony Hämäläinen (Nightrage, Armageddon) zen abeslaria. Hainbat arrazoirengatik haiekin genuen lotura eten zen. Emmyren eta Antonyren kasuan, distantziagatik. Renek, aldiz, uztea erabaki zuen taldearen erritmoari ezin ziolako eutsi.
Gaur egun bost musikarik osatzen duzue Ancient Settlers, eta guztiek Venezuelarekin duzue lotura.
Denok han jaio gara, nahiz eta jatorri desberdinetakoak izan. Gutako hiru 1970eko hamarkadan Venezuelara lan egitera joandako espainiar eta euskal etorkinen seme-alabak gara. Beraz, lotura bat zegoen atlantikoaren alde honetako lurraldearekin, eta denek ezagutzen dituzten aldaketa politiko eta sozialak direla eta, itzultzeko bidea egin behar izan genuen, bizimodu egonkorragoa eta seguruagoa bilatzeko.
Ancient Settlers taldeko kideak –ezkerretik eskuinera–: Carlos Chiesa-Estomba (gitarra eta ahotsak), Miguel Herrera (baxua), Argen Death (ahotsa), Agustín Martinez (gitarra) eta Herman Riera (bateria).
Lau urtetan iraupen luzeko disko bat eta lau EP argitaratu dituzue. Zuen musika oso oparoa izaten ari da. Etengabe sortzen ari zarete?
Ahal dugun metodikoenak eta sistematikoenak izaten saiatzen gara. Egunaren amaieran, musika ihesbide bat da, adierazteko aukera ematen diguna. Gainera, elkargune bihurtu da gurekin eta pixkanaka proiektuarekin motibatu den jendearekin. Orain, elkarrizketa hau erantzuten ari naizen bitartean, hirugarren diskoarekin maketekin gaude. Gurpila etengabe biraka dabil, eta gutxienez aipatu dituzun lanetatik kanpo geratu diren beste 20 abesti inguru ditugu. Hurrengo argitalpena egituratzeko orduan, konposizioen kutxa errepasatuko dugu, eta, ziurrenik, riff edo konponketaren bat hartuko dugu. Prozesua eteten bada, motibazioa galdu dugulako izango da.
Orain arteko azken lana urtarrilean argitaratu zenuten, Tales From The Earth EP akustikoa. Boskotea berregin ondorengo bigarren erreferentzia da, eta aurreko Transition EP indartsua baino lasaiagoa. Horrelako lan bat ateratzeko gogoa zenuten?
Tales From The Earth benetako gutizia izan da. Ancient Settlersekin dugun premisa da nahi dugun musika egitea, gure nortasuna inprimatuz, eta horrek estilo sorta zabaltzen du. Bestalde, beti egin nahi izan genuen horrelako zerbait, baina muga teknikoak zirela medio, ez genuen inoiz lortu. Azkenean, baldintza egokiak zeuden eta arriskatu egin behar genuen.
Pozik al zaudete lortutako emaitzarekin eta izandako harrerarekin?
Bai, uste dut lortutako soinua bat datorrela espero genuenarekin. Harrera, berriz, espero genuena baino hobea izan da. Jakina, pertsona batzuek harridura erakutsi dute, beste batzuek aldaketaz gozatu dute, eta beste batzuek ez horrenbeste. Denen gustura ezin zara aritu, zure musikaren esentzia eta benetakotasuna galduko zenukeelako. Dena dela, oro har, kritikak eta harrera positiboak izan dira.
Oraindik ez dituzue pieza akustiko hauek zuzenekora eraman. Aukerarik izango duzue?
Noizbait egin ahal izango ote dugu... Erronka logistikoa izango litzateke. Halere, 2022an Madrilen akustiko bat emateko aukera izan genuen. Une egokia lortzen saiatzen ari gara, eta ia ziurtasun osoz egingo dugu.
Estudioko hiru lan elektrikoetan oinarritutako errepertorioa eskaintzen ari zarete zuzenean: Autumnus, Our Last Eclipse eta Transition. Oso denbora gutxian talde gisa izan duzuen bilakaera islatzen dute?
Hain zuzen ere, ordena kronologikoan entzuten badituzu, ikus dezakezu nola eboluzionatu duen pixkanaka pixka bat herdoilduta zeuden musikariz osatutako banda batek, pixkanaka bere musarekin topo eginez. Autumnus guztiz zuzena da, mistika handikoa, pandemia betean konposatu baitzen. Our Last Eclipse lirikoki sakonagoa da, Antony bere bizitzako fase konplexu batean zegoelako; musikalki, berriz, gure eragin guztiak jasotzen ditu, Ramonesetik Insomniumeraino. Azkenik, Transition izenburuak dioena da, trantsizio bat. Soinu helduagoa, banda egonkorragoa eta ideia argiagoak islatzen ditu.
Kontzertuez ari garela, azken lau urtetan bira eta zuzeneko esanguratsuak eskaini dituzue. Orain dela aste batzuk kontzertu bira bat egin zenuten estatuan zehar Rise To Fall eta Bloodhunter taldeekin. Nolakoa izan zen esperientzia?
Bikaina eta oso eraikitzailea izan da guretzat. Rise To Fall gisako talde batekin bira partekatzeko aukera izatea, guretzat eragin eta inspirazio iturri izan dena, eta Bloodhunterrekin, estatuko talde esanguratsuetako batekin, positiboa izan da. Are gehiago, itzuli osoan nagusi izan den lagunarte eta anaitasun giroarekin, musikari handi horien guztien profesionaltasuna eta apaltasuna ezagutu dugu. Egia esan, ezingo nuke trabarik jarri. Gure aldera begiratuz gero, nabarmendu behar da guretzat ere oso positiboa izan dela birak izan duen jarraipen mediatikoa, baita ere gure soinuarekin bat datorren publiko berri batengana iritsi ahal izatea.
Aldiz, Europan jotzeko hainbat aukera izan dituzue. Baten bat aipatuko zenuke?
Hainbat dira, baina bat nabarmendu beharko banu Tolosan (Okzitania) eman genuen azkena aipatuko nuke. Hirugarren urtez jarraian itzuli ginen hara, eta aretoa beteta ikustea paregabea izan zen. Europako gure lehen jaialdia ere aipatzekoa da, Belgikako Metal Babes & Queens. Bigarren egunean lehenak izan ginen jotzen, baina jende asko etorri zen gu ikustera, eta jendeak hala eskatuta, aurten itzuliko gara. Oraingoan ordutegi hobea izango dugu (barrezka). Azkenik, Alemaniako Peace On Earth jaialdia nabarmendu nahi dut kontzertuak lur azpiko bunker erraldoi batean direlako. Ikaragarria izan zen!
Maiatzaren 17an, Oblivion's Legacy bigarren diskoa argitaratuko duzue Scarlet Records zigilu italiar ezagunarekin. Bandarentzat urrats garrantzitsua izango dela uste duzu?
Bai, hala dela uste dugu. 25 urte baino gehiago dituen zigilua da, eta hainbat talde ospetsuren lanak argitaratu dituzte. Horri esker, gure lana hainbat formatutan eta edizio berezitan plazaratu ahal izango dugu. Erantzukizun handiagoa ere bada. Orain xehetasun guztiak hobeto zaindu behar dira.
Zer aurreratu dezakezu lan berriaren kontzeptuari buruz?
Taldearen narratibarekin bat egiten duen bidaia kontzeptualaren jarraipena da. Narrazioa bi garaitan kokatu behar dugu. Batetik, etorkizuneko izarretako gizarte bat dugu hizpide, planeta suntsitzea lortu ondoren. Bestetik, gure planeta zenaren oroitzapen lausoak eta iragan loriatsua, oraindik hemen geundenean. Beti saiatzen gara mistizismo pixka bat ematen horri guztiari, eta lan bakoitzean ezagutu ditugu hainbat kulturen ñabardurak sartzen ahalegindu gara: akelarreak, santutasuna eta kultu paganoak. Horiek guztiak elkarrekin bizi izan dira mundu honetan.
Diskoaren xehetasunak aurkeztu dituzue, eta Jon Toussas greziarrak egindako azala ikusgarria da, beste behin ere.
Artista bat da. Ez zegoen beste aukerarik, bagenekien berarengana joko genuela berriz ere. Litekeena da hurrengo lanerako ere harekin hitz egitea. Asko gustatzen zaigu nola jaso eta islatzen dituen gure ideiak. Gainera, adimen artifizialaren eta beste teknologia batzuen erabilerari buruzko eztabaida handia dagoen garaiotan. Ilustrazio digitalaren alde borrokatzeko gai diren artistek errespetua merezi dute.
Dagoeneko Wounded Heart eta Coven Garden singleak aurreratu dituzue, bigarrena duela oso gutxi. Ondo definitzen al dute entzuleek diskoan aurkituko dutena?
Nire ustez, entzuleek antzeman dezakete gure lanik biziena, indartsuena eta azkarrena dela. Oraindik, ordea, beste bi single falta dira diskoa argitaratu aurretik. Izan ere, ñabardura batzuk falta zaizkigu partekatzeko. Beraz, adi egon maiatzaren 8an eta 17an.
Lan berria aurkezteko beste kontzertu bira bat egingo duzue, eta Europako txoko berriak ezagutu eta ezagutzen dituzuenak bisitatuko dituzue?
Aurkezpen biraren lehen fasea itxita daukagu, gutxienez, 2024an. Bigarren fasea 2025ean izango da. Oraingoz, aurretik egon ez garen hirietan ditugu kontzertuak, eta Espainian, Frantzian, Belgikan, Suitzan, Italian eta Txekiar Errepublikan ariko gara zuzenean.
Elkarrizketa bukatzeko, hasierara itzuliko gara. Izan ere, Ancient Settlers ez da Euskal Herrian kanpoko musikariek sortutako talde bakarra. Estampida eta Nox Larvae –biak Bilbora etorritako argentinarrez osatuak– eta Incursed –Aranda de Dueron jaio eta Bilbon egonkortu zena– aipa genitzake. Hau da, atzerritarrak izanda ere, hemen sorturiko banda da zuena?
Ancient Settlers Donostian sortu genuen, eta hemengo kulturak eta ingurune naturalak taldearen soinua eta proposamena moldatzen lagundu dute. Beraz, hemengo talde bat gara, baina hainbat kulturetako ondarearekin.
Testua: Inaxio Esnaola Aranzadi.
Argazkia: Juan Lopez.