Euskal Herriko heavy metalaren komunitatea indartzea da Herriko Burdina webgunearen helburuetako bat. Komunitate horren parte dira taldeak, metal eragileak eta elkarteak (kontzertu antolatzaileak), kontzertu guneak (aretoak eta beste), metalzaleak eta baita metal hedabideak ere (webguneak, blogak, kazetariak eta sare sozialetako dibulgatzaileak).
Komunitatea indartzeko ezinbestekoa iruditzen zaigu guztien arteko harremana joan-etorrikoa eta zintzoa izatea. Herriko Burdinari dagokionez, etengabeko harremana dugu taldeekin eta metal eragileekin. Normalean gu gara haiekin harremanetan jartzen garenak informazioa eskatzeko. Beste batzuetan, zorionez, gurekin jartzen dira harremanetan informazioa bidaltzeko.
Herriko Burdina webgune irekia da, eta trukean ezer eskatu gabe informatzen dugu. Ordea, tarteka gustuko ez ditugun jokabideekin topo egiten dugu. Izan ere, ez da gauza bera eskatzea eta exijitzea. Azkenaldian horrelako kasu batzuk gertatu zaizkigu.
Horregatik, gure webgunean informazioren bat argitaratu nahi duten talde, eragile eta komunitateko gainerako guztiek eskaerak zintzotasunez egitea estimatuko genuke. Zaindu dezagun joan-etorriko harreman hori.
Eskerrik asko!