
Bizkaiko Køan banda iaz sortu zuten beste hainbat proiektutan ibilitako musikariek. Besteak beste, Hellydays, Galbidean, Lex eta Zeinke. Jorratzen duten proposamenari dagokionez, nu metala, hardcorea eta rock alternatiboa nahasten dituztela diote.
Azken hilabeteotan, hiru single sareratu dituzte plataforma digitaletan: Fomo, Ez ginen bereziak eta Armak. Zestoako Gaztain estudioan grabatu dituzte, Eñaut Gaztañagaren gidaritzapean. Horietako bat entzun dezakezue jarraian:
Laugarren singlea, berriz, egun gutxi barru plazaratuko dute. "Gure helburua euskarazko metal eszenan lekutxoa egitea eta gure musika gero eta jende gehiagorengana iristea da", diote bizkaitarrek.
Bost musikari hauek osatzen dute Køan taldea: Lander Diego (ahotsa), Mikel Hernández (gitarra), Jokin Uriarte (gitarra), Dunixi Etxebeste (baxua) eta Mikel Muesas (bateria).