Lampr3a - Neurocoalescence

Tradizioa sustatzeko joera izan ohi dute batzuek metal musikan, arau estandarrei desafio egin eta bide berriak jorratzearen aldekoa besteek. Bigarren korronte horren parte da Lampr3a hirukote gipuzkoarra. Bost kantuko Neurocoalescence estreinako lan laburrean death metal teknikoa ardatz hartuta, tartean suma dezakegu generoarekin lotura zuzenik ez duten djent, jazz edota flamenko estiloen eragina. Taldearen ezaugarri bereizlea, ordea, bestelakoa da: instrumentala da euren proposamena eta, hitzen faltan, musikak du erabateko protagonismoa.

Diskoaren entzunaldi bakarra nahikoa da hirukoaren interpretaziorako abileziaz ohartzeko, baina norbere trebezien distira alor indibidualean erakutsi baino, osotasuna lehenesten dute eta horrek mesede egiten die kantuei. Joera progresiboekiko duen erakarpena ere antzeman diezaiokegu taldeari Abulia eta Tinnitus abestietako riffen segidak antolatzeko moduan eta, garapen konplexuetara ohitu gabe dagoen entzulearengan hasiera batean kaos sentsazioa gailendu litekeen arren, bistakoa da gipuzkoarrek kantuen egiturak, etenak, melodia abaniko aberatsa eta, oro har, moldaketak azken xehetasuneraino zaindu dituztela.

Hirukokoak gainera, grabaketako alderdi teknikoaren ezagutza probestuz, osotasunean hartu du beregain diskoaren ekoizpen prozesua eta baita emaitza orekatua lortu ere; modu eraginkorrean haritu dituzte abiadura biziko pasarte teknikoak eta gitarra garbiak oinarri dituzten trantze moduko zati baketsuak. Diskoaren iraupen laburrak gehiagoren gosez uzten du entzulea eta, horrenbestez, gogotsu esperoko ditugu euskal metal musika geruza berriz aberastera etorri den taldearen etorkizuneko ekimenak.

Mikel Yarza


Diskoetxea: Auto-ekoizpena

Abesti zerrenda:

01. Neurocoalescence
02. Abulia
03. Tinnitus
04. Angst
05. Tethys (Conquering Dystopia cover)

Entzun:

Hurrengo kontzertuak