Lee Kore - Maitasuna ta Askatasuna

Iratzargailua tirokatzen duenak badu zeresana. Oñatiko Lee Kore taldeak jendartea esnatzeko lehergaia plazaratu zuen pasa den apirilean; Maitasuna ta Askatasuna estreinako diskoa. Atsedena iragarri zuen Broken Legacy bandako bi kideren proiektu paraleloa da. Burua estalita ageri diren arren, ez dute ezer ezkutatzeko. Ogi gogorrari, hagin zorrotza esaera zaharra aproposa da jorratzen duten musika deskribatzeko: euskarazko hardcore/metal gordina eta zuzena. 

Boskoteak jauzi esanguratsua eman du 2019ko Gorrotoaren hazia erein da maketa kutsuko lehen lanarekin alderatuta. Proposamen zuzen eta gordinari merezi duen ekoizpena jarri diote, eta, ondorioz, indartsuagoa da eztanda. Hori Asuako Chromaticity Studio-etan lortu dute, gainera, bi fasetan. Izan ere, lehenik sei abesti grabatu zituzten, eta hilabete batzuk beranduago, beste hiru. Beraz, bederatzi dira laneko piezak. 

Aldarriak eta kritika zorrotzak ia musika baino garrantzitsuagoak dira. 1312 iradokitzailea izan zen bideoklip jendetsu batekin aurreratu zuten abestia, Lehen Lerroa taldeko Julenen kolaborazioarekin. Zenbaki bidez kodetu ohi den sigla jakin bati egiten dio erreferentzia. Gonbidatu propioak ez ezik, eratorriak ere baditu diskoak. Telesforo Monzonen hitzak ageri dira Utopikoak abestian, eta Andoni Ortuzar pailazoarenak Armani army bihurrian, eta Antonio Gramsciren esaldi bat Munstroen garaia mamitsuan.

Aipatu moduan, hardcore/metal ildoa gustuko dute, eta horren adibide dira Ez nauzu nahi (zure ametsetan aurkitu) eta Maitasuna ta Askatasuna. Ordea, ez dira horretara mugatzen. Beraien soinu bandaren parte dira melodeath (Hil hurrenen eresia), thrashcore/crossover (Infernu amaigabea) eta metalcore (Ezinezkoen lilura) doinuak ere. Aske adierazitakoak maitasunez taularatzeko daude, zuzenekoetarako erregai aproposak direlako.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Autoekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Ez nauzu nahi (zure ametsetan aurkitu)
02. Maitasuna ta askatasuna
03. 1312
04. Utopikoak
05. Hil hurrenen heresia
06. Armani army
07. Infernu amaigabea
08. Munstroen garaia
09. Ezinezkoaren lilura

Hurrengo kontzertuak