Meliora - Utopia

Ukigarria da bilakaera, erreala. Zizurkilgo Meliora taldeak iragarritakoa bete du Utopia bigarren diskoarekin. Oinatzak sendo markatuta, esperientzia gehiagorekin, sormena are gehiago jantzi dute. Plazaratu dutena idealizatu gabe, ideala izan gabe, laukoteak benetan landurikoaren emaitza lortu du.

Ez da euskalcorea, ez. Hard rock errotik, oinarritik, metalerantz hurbilketa serioagoa egin dute, metalcorea eta zertzelada industrialak tarteko. Gustuko duten hori barneratzeko ariketa interesgarria egin dute, lineala izan daitekeenarekin apurtuz. Hau da, talde askoren joera izan ohi da lerro bat marraztea, lerro paralelo askorik gabe. Ordea, Utopia hori da, askotarikoa eta entretenigarria.

Ordu erdi luzean barnebildu dutenak entzunaldi zintzo bat merezi du. Bai, ezustean geratuko direlako belarriak, abesti batzuetatik bestetara dauden aldaketetan. Adibidez, hori gerta liteke Lokarturiko arimak eta Akuriaren dilema jarraian entzungo bagenitu. Pizgarriz beteriko lana da, eta horien artetik bi dira nabarmentzen direnak. Bata, Planeta suntsitua da. Gipuzkoarren pieza osoenetakoa da, ziurrenik, mezuarekin batera. Bestea, Utopia bera genuke, Hypnos aurrekariarekin osatzen dena. Javi Ssgittarren (Killus) ahotsak beste maila batera darama.

Ez da gonbidatu ilustra bakarra, bestea bertakoa delako. Birjaio abestian DZ jaunaren ekarpena dute, DJ baten eskuek eta gustu onak dakarrena. Riffak, berriz, Tom Morellori ikasiak dirudite. Itsu kantaren hasieran aipaturiko erroa presente dutela aldarrikatzen dute. Direnetik izan daitezkeenerako bidea hasi baino ez dutelako egin. Ukigarria ez ezik, irisgarria ere badelako.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Autoekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Kiri
02. Lokarturiko arimak
03. Zu gabe
04. Deabruak
05. Planeta suntsitua
06. Hypnos
07. Utopia
08. Akuriaren dilema
09. Black butterflies
10. Birjaio
11. Itsu
12. Aurrera goaz

Hurrengo kontzertuak