2025/05/23

NaizPresidente sortu dute NaizRoxa eta Vice Presidentes taldeetako kideek

Ezusteko bat gertatu da, eta honela adierazi dute: "NaizPresidente! Naizroxa eta Vice Presidentes taldeen sasikumea! Laster zuen udaletxe eta legebiltzarretan...".

Hiru musikariren abentura berria da, eta bi eskarmentu handikoak dira. Hauek osatzen dute NaizPresidente: Iñaki Altolagirre Matxet (ahotsa), Oskar Conde Kanda (gitarra eta ahotsa) eta Iban Goikoetxea (bateria).

Datorrenaren aurrerapen txiki bat aurkeztu dute:

NaizRoxa 2004an sortu zen Pasai Donibanen, Jousilouli desegin ondoren. 2005ean E.P. Laburrean estreinako lan laburra kaleratu zuten. Harrera ona izan zuen haien hardcorearen, metalaren, esperimentazioen eta sintetizadoreen nahasketak, eta kontzertu basatiak ematen hasi ziren. Aldiz, 2007an plazaratu zuten Iqharaturic iraupen luzeko disko bakarra. Dena dela, 2015ekoa da haien azken abestia: Argilunak. Zuzenekoei dagokienez, banda lau kide hauekin egonkortu zuten: Iñaki Altolagirre Matxet (ahotsa), Eneko Goikoetxea (gitarra), Iñigo Etxarri (baxua) eta Iban Goikoetxea (bateria).

Vice Presidentes, berriz, Gasteizen eratu zuten 2005ean. Urte berean kaleratu zuten lehen maketa, agerian utziz jorratu nahi zuten musika: grindcorearen eta sludge metalaren arteko nahasketa. Basque Street Boys aurreneko diskoa 2007an argitaratu zuten, eta emanaldien bidez hedatu zuten haien izena. 2008an, Oreretako Sorkunde Rubio Sorkun (Kashbad) abeslariarekin indarrak batu zituzten elkarrekin disko bat plazaratzeko. Kontzertu bira erakargarri bat egin zuten, oihartzun pixka bat gehiago eman ziena. Gerora, gordintasunera bueltatu ziren 2009ko Bloodola lan laburrarekin, eta, azkenik, 2016an kaleratu zuten Grind Capital iraupen luzeko bigarren diskoa.

Hurrengo kontzertuak