
Gasteizko Nukore metal/hardcore bandak Any given day zazpigarren diskoaren xehetasunen berri eman du. Datorren urteko otsailaren 19an argitaratuko dute.
Zortzi abesti izango ditu, eta Gasteizko Silverstar Studios-etan grabatu dute Iker Bengoarekin. Azala, berriz, Julia Art artistak egin du, eta jarraian ikus dezakezue kanta zerrendarekin batera.

01. The American Nightmare
02. Eat the rich
03. No other land
04. Break the chains
05. The sun of tomorrow
06. Speed up the pace
07. Fight
08. Always rigth
Lan berria aldaketa esanguratsuen ondorengoa izango da. Lehenik, Aitor Asso abeslariarekin grabatu ez duten lehenengoa delako. 2004tik, taldearen sorreratik, bera izan da disko guztietan kantatu duena. Ordea, behin-behinean banda uztea erabaki du, arrazoi pertsonalengatik. Urriaren 24an Gasteizko Kubik aretoan eskainiko duten kontzertua izango da bere azkena. Bourbon Kings eta Tudetuz taldeekin batera ariko dira.
Bigarrenik, Rafa Battaglia bateria jotzaileak ez du disko berriaren grabazioan parte hartu, beste proiektu batzuei lehentasuna eman dielako. Horrela ere, zuzenekoak eskaintzen jarraituko du Nukore bandarekin —2016an bat egin zuen haiekin—.
Hirugarrenik, Andrew Garcia (When Evil Comes) arduratu da bateriak grabatzeaz, eta Alvaro Foronda taldekideak (When Evil Comes, Childrain ohia) grabatu du baxua. Aldiz, taldearen sortzaile eta gidari den Asier Martinez-Olaskoagak grabatu ditu ahotsak eta gitarrak. Hemendik aurrera, bera izango da abeslari bakarra.
Datozen hilabeteetan aurkeztuko dituzte kanta berri batzuk, aurrerapen moduan.