Orion Child - Aesthesis

Pertzepzio ariketa moduan har genezake Durangoko Orion Child taldearen Aesthesis laugarren diskoa. Ahalduntzearen eta etengabe ahalegintzearen ondorioa da. Direna eta jorratzen dutena aldarrikatzeko enegarren saiakera da, nahiaren eta ezinaren sentsazioarekin haustea helburu duena. Horretarako, beraiengan gehiago sinetsi beharko lukete, eta bidelagun aproposagoak bilatu. Gaur egun, errentagarriago da eskuartean duzunaren erabateko kontrola izatea.

Idazteari eta musikatzeari ekin zioten zientzia fikziozko istorioaren beste kapitulu bat da. Continuun Fracture aurreko lana baino itxaropentsuagoa eta argitsuagoa izango zela iragarri zuten. Laburragoa bada, behintzat, eta entzunaldia entretenigarriagoa. Nabari da sormen lan handia dagoela hamar abestien atzean, eta bakoitza borobiltzen jakin dutela. Gainera, beste bihurritu bat eman diote jorratzen duten melodeath kutsuko power metal ilunari. Estilo edo izaera propio bat landu dute urtetan zehar, eta, ziurrenik, emaitzarik freskoena da Aesthesis diskoa.

Aurrerapenekin bete-betean asmatu zuten, laneko harribitxiak horiek direlako. When the Tide Arises eta Reaching for the Stars dira bizkaitarren sasoi eta heldutasun puntuaren adibide. Bi horiekin batera, beste hiru nabarmendu daitezke: Skhuldom bikaina, Aesthesis bera eta Ronnie Romerok aberasten duen Numbers are Law. Gitarra pasarteen inspirazioa, ahots melodiko eta urratuen arteko armonia eta sintetizadore ederren ekarpena dira ezaugarri esanguratsuenak. 

Seikoteak plazaratu duen disko txukunena da, bilakaera interesgarri baten une gorena. Epe laburrean taldeko kide batek agur esango die gainerakoei, baina seguru ordezko apropos bat aurkituko dutela. Izan ere, duten pertzepzioa metalzaleekin konpartitzen jarraitu behar dute, merezi duten oihartzuna areagotzeko.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Art Gates Records.

Abesti zerrenda:

01. Revel{AI}tions
02. Skhuldom
03. Aesthesis
04. When the Tide Arises
05. My Redemption
06. Reaching for the Stars
07. Numbers are Law
08. Forever
09. Runaway
10. Prisoners of the Past

Hurrengo kontzertuak