2025/08/03

Segabathor bandak diskografia entzungai jarri du plataformetan

Azpeitiko Segabathor heavy metal taldearen legatua osorik entzun daiteke plataforma digitaletan. Guztira, hiru lan dira: 2000. urteko Bagoaz maketa, eta 2002ko Fugite eta 2003ko Gaua biluzten bi diskoak. 

Duela hogei urte inguru banandu baziren ere, beraien musikari hedapena ematea erabaki dute.

Segabathor banda 1998an sortu zuten bost musikari gaztek: Pello Arribas (ahotsa), Joseba Izagirre (gitarra), Oxkar (gitarra), Aritz Unanue (baxua) era Jon Zubizarreta (bateria). 1999an Azkoitiko Andramari jaietako Andramaxek abestia egin zuten, Txepe estudioetan grabatu zutena. Leku berean beste bost kanta grabatu, eta aurreneko grabazio horrekin, 3. saria eskuratu zuten Gure Irratiak antolaturiko Gazte Leiho lehiaketan. 2000. urtean, berriz, Bagoaz maketa argitaratu zuten. Hainbat kontzertu eman ondoren, 2001ean Oxkarrek utzi eta Asiera Larrañaga gitarristak hartu zuen haren lekua. Ondoren, Txepe estudiora bueltatu eta lehen diskoa grabatu zuten. Horrela, 2002an Fugite iraupen luzeko aurreneko lana plazaratu zuten.

Urtebete geroago, Gure Leiho txapelketa irabazi zuten, eta disko bat grabatzeko saria eskuratu zuten. 2003an bertan Gaua biluzten bigarren diskoa kaleratu zuten, haien ibilbideko lan osatuena. 2005ean, berriz, Kuban kontzertu bat eskaintzeko aukera eman zieten, eta ondo baino hobeto aprobetxatu zuten. Han bizitakoa erreportaje honetan kontatu zuten. Gerora, taldea apaltzen joan zen uztea erabaki zuten arte. Arantzetan banda akustikoa sortu zuten musikari berberek, eta Vostok 108 taldearekin bat egin zuten bi kidek. Azkenik, Izei banda sortu zuten 2017an Segabathorren ibilitako hiru musikarik, lan bakarra aurkeztu ondotik banandu zena. Gaur egun, beste proiektu batzuetan murgilduta dabiltza.

Hurrengo kontzertuak