
Gipuzkoako Shallow Waters post black metal bandak lan batetik besterako trantsizioa egin du. Bi pieza berri sareratu dituzte, hirugarren diskoaren aurrekari moduan. The empty hall da bigarrena, eta David Zabala musikariak zuzenduriko bideoklip batekin estreinatu dute.
"Daviden lana ikaragarria da; kantaren esentzia era perfektuan harrapatu du, eta pantailan era ikusgarrian islatu du" adierazi du bandak.
Aurretik, Sinking slow lehen pieza estreinatu zuten, Dronicon Films ekoiztetxeak egindako animaziozko ikus-entzunezko batekin.
Trantsizioko bi piezak, Tristan Iñiguez gitarristak grabatu, nahastu eta masterizatu ditu haren Bergarako Auryn Studios-etan.
Hirugarren diskoari dagokionez, boskoteak prozesua zertan den azaldu du: "Lan berrirako, 29 kanta konposatu ditugu, eta horietatik, azkenean, gutxi batzuk argitaratuko ditugu. Lanak ildo bera izatea bilatu dugu zehatz-mehatz, emozio berak sor ditzan, eta, gainera, entzuleek ideia berri asko aurkitu ditzan. Era berean, inoiz egin dugun lan malenkoniatsu, ilun, azkar eta mantsoena izango da. Oso dibertigarria izango da entzutea".