Gasteiz bihurtu da mugimendu klasiko eta ezagun baten berrinterpretazioaren epizentroa. Kazetari batek 1979an sortu zuen New Wave of British Heavy Metal (NWOBHM) izendapena. Hizkia mantendu arren, hitz bat alda genezake: New Wave of Basque Heavy Metal. Izan ere, Arabako hiriburuan mugimendu horren eskolatik sorturiko bi talde daude, gutxienez: Sinner Rage eta Aeroscreamer.
Biek argitaratu dute aurten iraupen luzeko lehen diskoa, baina soilik Sinner Rage gazteen Powerstrike lan interesgarrian barneratuko gara. Bost musikarik osatzen dute, eta horietako batzuk aurretik Paraside eta Nuclear Revenge bandetan ibilitakoak dira. Alemaniako Dying Victims Productions zigiluak haien aldeko apustua egin du, eta horri esker oihartzuna lortu dute heavy metal klasikoaren lurpeko zirkuituan.
Hasiberrien freskotasuna dute bidelagun, baina baita erakarpen arriskutsu bat ere: eskema zaharrak errepikatzea. Ordu erdi luzeko errepertorioa zintzoa eta fidela da. Baita gustagarria ere. 1980ko hamarkadako heavy metala eta hard rocka islatu dute zortzi abestietan, eta aitortu behar da oso erraz entzuten dela. Erreferentzia gisa, besteak beste, Judas Priest eta Saxon aipatu dituzte lotsagabe.
Buruan geratzen dituzten leloak eta melodiak sortu dituzte. Powerstrike eta Chained by Night abestiek iaz aurreratu zuten maketan baino hobeto luzitzen dute. Beste hiru pieza ere nabarmentzekoak dira, erritmo pausatuetan eta bizkorretan ondo moldatzen direla erakusten dutelako: Silent Thunder, Fire's On —bideoklip txukun bat eskaini diote— eta Dangerous Attraction.
Asko dira NWOBHM mugimendua berrikusteari ekin dioten taldeak, eta horietako bat da Sinner Rage. Estimatzen dutenaren gatibu dira, baina inolako damurik gabe. Haien zorionerako, denboran atzera egiten ari diren zaleak gero eta gehiago dira.
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Dying Victims Productions.
Abesti zerrenda:
01. Powerstrike
02. Silent Thunder
03. Highway Knights
04. Chained by Night
05. Fire's On
06. Angel of Combustion
07. Call of the Wind
08. Dangerous Attraction