2025/05/09

The Broken Horizon, aro berri baten hasieran

Iruñeko The Broken Horizon metalcore bandak laukote moduan egingo du aurrera. Victor Parra urtarrilean agurtu ondoren, Alex Nuñez gitarrista da abeslari berria. "Bere gogoa, talentua, konstantzia eta talde hau ulertzeko duen modu bortitzak erabaki hau hartzera bultzatu gaitu", azaldu dute.

Taldearen aro berri honi hasiera emateko, Berri Txarrak taldearen Isiltzen banaiz abestiaren moldaketa plazaratu dute. "Ez da miresten dugun talde bat soilik. Erreferente bat da. Haiek ordezkatu dutenagatik, duten jarreragatik, eta gure belaunaldiari eragindako inspirazio guztiagatik. Haien musika gurekin egon da hasieratik, eta kanta hau barruraino sartzen den horietako bat da. Errespetuz, emozioz eta gure nortasun guztiarekin egindako omenaldia da". 

Bertsioa Iker Piedrafitarekin (El Sótano) grabatu dute. Nahasketaz Joel Wanasek arduratu da, eta masterizazioaz Maor Appelbaum. Aldiz, bideoklipa Miguel Garciak grabatu du, eta Jun Nuñez taldekideak editatu du.

Nafarrek 2022ko otsailaren 1ean plazaratu zuten Until Silence Speaks bigarren diskoa. Hirugarrena, berriz, 2025ean plazaratzeko asmoa agertu dute.

Laukotea egonkortu dutenez, hauek dira The Broken Horizon osatzen duten musikariak: Alex Nuñez (ahotsa eta gitarra), Jun Nuñez (gitarra eta ahotsak), Alex Fuente (baxua) eta Joanes Esain (bateria).

 

Hurrengo kontzertuak