
Gasteizko Vernita Grim hardcore/metal bandak urtea bukatu baino lehen kaleratuko du iraupen luzeko aurreneko diskoa, Knives Out Records zigiluarekin. Hamar abesti izango ditu, eta Gilen Alcaldek grabatu, nahastu eta masterizatu du.
Zenbatetan hirugarren singlea estreinatu dute, Mikel Ullibarriaranak zuzenduriko bideoklip batekin.
Lanaren azala, berriz, Dread artistak egin du. Jarraian ikus dezakezue abesti zerrendarekin batera:

01. Vernita Grim
02. Zenbatetan
03. Odolez sinatzen
04. Lurpean
05. Zaurietan zain
06. Lotsa
07. Animali A.C.A.Batua
08. Biolentzia
09. Parez pare
10. Irauten
Beste bi singleak ere segidan dituzue:
Vernita Grim - Odolez sinatzen
Vernita Grim - Biolentzia
Laukote arabarraren hitzetan, hardcorea, groove metala eta beatdown doinuak uztartzen dituzte: "Energiaz beteriko erritmo astunak, riff bortitzak, breakdown pisutsuak eta ahots gordinak dira gure ezaugarriak. Euskaraz idatzitako abestiekin kontzientzia soziala, errepresioa, inperialismoa, zurikeria edota poliziaren indarkeria gisako gaiak lantzen ditugu".
Vernita Grim duela urtebete inguru sortu zen, beste hainbat taldetan ibilitako musikariek. Hauek dira: Omar (ahotsa), Javi (gitarra), Aitzol (baxua) eta Mikel (bateria).