Eguberri garaian hasten dira egunak luzatzen, eta dagoeneko lau hilabete luze pasatu dira. Zurbeltz donostiarrek iazko eguberri egunean argitaratu zuten Arimen atseden lekua estreinako lan laburra. Izenburuak iradokitzen duena aintzat hartuta, abenduaren 25ak kristautasunarekin duen lotura baztertu behar da, neguko solstiziotik zein paganismotik gertuago dagoelako. Aita Santuaren heriotzak eta atsedenak ez dute zerikusirik iruzkin hau plazaratzeko unearekin.
Lamia da laneko aurreneko abestia, eta hilabete batzuk lehenago aurkeztu zutena. Paganismoarekin duen harremana berresten du, nolabait. Era berean, gipuzkoarren proposamena ulertzeko lehen saiakera izan zen. Groove metal etiketa soilarekin ezin da sinplifikatu. Muturreko metalaren doinu klasikoak eta bestelako eragin melodikoak barnebiltzen dituztelako. Bost abestiak beste horrenbeste aldiz entzunda atera daitekeen ondorioa da.
Trikuharrian barneratu behar da gainerakoa ezagutzeko. Arimen atzetik segika, Amildegira jausiko gara. Ahots urratuen bidezko erorketan helduleku goxo batzuk badira, kontraste bitxia lortuz, belarriak kiribilduz. Sakonera iristean, Olatu beltzak daude. Marea pausatu baten parte dira, gutxira zakartzen dena. Lehorrera iristea lortzen dutenek topatuko dute Hilerriko maixua. Gordina eta makurra da erakusten duena. Ondoren, Arimen atsedena dator, bukaera lasaia eta instrumentala.
Urtarrilean eskaini zuten orain arteko azken kontzertua, eta otsailetik bateria jotzaile berri baten bila dabiltza. Beñat Outeira Patuko (ahotsa eta gitarra), Oier Amelibia (gitarra eta koroak) eta Iker Marban Marbius (baxua eta koroak) gazteek osatzen duten hirukoak laugarren pieza behar du.
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Autoekoizpena.
Abesti zerrenda:
01. Lamia
02. Amildegira
03. Olatu beltzak
04. Hilerriko maixua
05. Arimen atsedena