2021/11/29

Anestesia bandak "Toki Berean" lana berrargitaratu du

Zarauzko Anestesia thrashcore taldearen Toki Berean lan laburrak 30 urte bete ditu. Hori dela eta, 10 hazbeteko biniloan berrargitaratu dute. Elkar estudioko Victor Sanchezek bermasterizatu du, eta diseinuan aldaketa batzuk egin dituzte.

Mikel Kazalis baxu jotzaileak honela aurkeztu du berrargitalpena: 

"1991 oso urte berezia izan zen Anestesiarentzat. Aldaketa une bat, “trantsizio” unea. Ordurarte hirukote formatuan aritu ginen: Beloki, bateria; Dani, baxua, eta Mikel, gitarra eta ahotsa. Honela, bi maketa grabatu genituen: Cerebral eta Moralidad. Abesti gehienak erdaraz egiten genituen, euskarazko gutxi batzuk izan ezik. Baina, ahotsarekin arazo batzuk izan nituela eta, abeslari bat sartu behar izan genuen taldean, eta Escombro taldeko Nil fitxatu genuen. Oso lagunak ginen eta asko jotzen genuen elkarrekin bi taldeek garai haietan. Eta “trantsizio” hartan ginelarik, oso disko berezi bat egin genuen, gure lehen biniloa, guztiz euskaraz. Esan Ozenki zigilua sortu berria zen, eta gure laguna Richard ‘Hardcross’-ekin batera, koprodukzio bat egitea pentsatu genuen, diskoetxearen azpiegitura erabiliz. Toki berean EPa egin genuen, 6 abestiz osatuta. Disko berezia zentzu askotan… Nil sartu berria zen taldean, baina nik oraindik banituen indar gutxi batzuk zerbait abestu ahal izateko, eta hala egin nuen. Urtea bezala, disko hura ere nolabait “kapikua” izan zen. Nilek bi abesti abestu zituen, nik beste bi, eta beste biak instrumentalak ziren. Musika estiloa aldatzen ari ginen ere, doinu eta erritmo ezberdinekin frogatuz. B.I. instrumentalarekin hasten ginen, “lepoa mugitzeko” erritmo horietako batekin. Gero Toki berean abestian erritmo lasai eta gitarra eta baxuarekin gauza melodikoagoak egiten saiatu ginen. Ondoren, Lerroa segi dezaket, mezu ezkutu bat daraman abestia, eta hor bai azeleragailua zapaldu genuela (Belokiren bateriaren sarrera entzutean, oraindik ileak tente jartzen zaizkit!). Hor nik abesten nuen, nire bizitzan abestu dudan azken aldietako bat… “B” aldearen hasieran, beste abesti “berezi” bat guretzat, Ni soilik bait naiz, gure lehen abesti “hardcore melodikoa” edo horrelako zerbait egiten, hor jada nire ahotsak bere azken indarrak eman zituen, doinu altuenetakoetan abestuz zenbait unetan. Gero Hitz pozoinduak, bi grabaketetan inoiz errepikatu dugun kantu bakarra (bigarren maketan ere bazegoen, baina han nik abestuta, eta hemen Nilek abestuta. Bitxikeria bat. Eta EPa bukatzeko, bitxikeriarik handiena! Anestesia “surf” musika egiten! The Venturesen Pipeline klasikoa! Askotan bertsionatua izan den abestia, eta guk ere egin genuen, gure erara moldatuta! Disko haren oso kopia gutxi egin ziren, bitxikeria “arraro” bat da gure historian. Eta gainera disko hura 7 pulgadako formatuan (“single” formatuan) kaleratu zen, eta disko-jogailu askotan “salto” egiten zuen, iraupen handiegia zuelako formatu hartarako. Beraz, orain, 30 urte geroago eta une berezi hura omenduz, baina baldintza hobeetan, 10 pulgadako binilo formatuan atera dugu. Hemen gaude, 30 urte pasatu ondoren, TOKI BEREAN!"

Hemen duzue entzungai jatorrizko bertsioa:

Ez da Gipuzkoako taldeak berrargitaratzen duen lehen materiala. 2018an Gorrotoaren Ahotsa lehen diskoa kaleratu zuten bermasterizatuta, eta kontzertu bira berezi bat egin zuten.

Kontzertuei dagokienez, Anestesia otsailaren 5ean igoko da berriz ere taula gainera. Abenduan izan behar zuen Gasteizko jaialdi batean, baina datorren urtera atzeratu dute. Jaialdi berean parte hartuko dute Soziedad Alkoholika, Angelus Apatrida eta Proud'z bandek.

Hurrengo kontzertuak