Udako oporraldiaren atarian, Euskal Herriko heavy metal talde batzuk estudioan sartu dira abesti berriak grabatzeko. Horietako batzuk jarraian topatuko dituzue.
Durangoko Blackhearth heavy metal banda bigarren diskoa grabatzen ari da Asuako Chromaticity Studios-etan, Pedro J. Monge musikari eta teknikariaren gidaritzapean. Seikoteak 2019an argitaratu zuen taldearen izen bereko aurreneko diskoa. Orduan, Urdulizko Tio Pete estudioetan eta Aretxabaletako Auryn Studios-etan egin zituzten grabazioak.
Bilboko Deimocracy metal taldea duela hilabete batzuk hasi zen grabatzen Erebo bigarren diskoa. Ordutik, lanean dabiltza, pixkanaka, Chromaticity Studios-etan. Taldekide aldaketak tarteko, beste erritmo batean ari dira lanean. Lan berria urrian argitaratzea aurreikusten dute. Estreinako diskoa, aldiz, 2017koa da.
Bergarako Lord Witch power metal banda Rock Izar Records-en grabatzen ari dira hirugarren diskoa. Izen bereko zigiluarekin plazaratuko dute lana. Aurrez, beste bi disko dituzte kaleratuta: Dragon Flight (Autoekoiztua, 2009) eta El Elixir del Tiempo (Autoekoiztua, 2014).
Ekaina hasieran iragarri genuen Oñatiko Broken Legacy metalcore taldea Chromaticity Studios-etan ari zela bigarren diskoa grabatzen. Boskotearen asmoa da urte bukaerarako edo 2022 hasierarako kaleratzea lan berria. Zortzi kantu izango ditu, horietako bat instrumentala.
Estudioan sartuta dauden edo ibili diren beste banda batzuk dira Oxido, When Evil Comes, Sepulchral, The Broken Horizon, Corrosive, Lampr3a eta The Descent.